Ukrainako Polizia kanpalekuak eta barrikadak desegiten hasi da Kieven

Gobernuak gaurko berreskuratu nahi ditu karrikak; presidentea prest dago eztabaida mahai batean esertzeko

mikel rodriguez
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Asteburuko protesta jendetsuen ondoren, Ukrainako Gobernuak haren aurkako manifestarien barrikadak eta kanpamentuak desegiteko erabakia hartu du. Kieven, elurpean, oposizioaren ehunka jarraitzailek segitu zuten atzo eraikin ofizialak inguratzen. Egunak aitzinera egin ahala, tentsioa haziz joan zen, Poliziak esku hartuko zuela ahoz aho zabaltzen hasi baitzen. Edizio hau ixteko orduan, baina, istilu nabarmenen berririk ez zegoen Kievetik. Gaurko barrikada eta kanpamentu guztiak kenduko dituela erran du Kieveko Poliziak. Viktor Janukovitx presidenteak oniritzia eman dio gobernuaren eta oposizioaren artean eztabaidarako mahai bat eratzeko proposamenari, baina oposizioko alderdiek gobernu osoaren dimisioa paratu dute elkarrizketarako baldintzatzat.

Protestak hasi zirenetik hogei egun igaro ondoren erabaki du gobernuak karrikak berreskuratzen hastea. 6.000 polizia hedatu zituen atzo, manifestariek inguratutako gobernuaren eta presidentetzaren eraikinetan eta Independentziaren Plazan bidea irekitzeko, Barne Ministerioak Itar-Tass agentziari jakinarazi dionez. Tentsio gune handienetako bat Kieveko udaletxea da. Eskuin muturreko Svoboda (Askatasuna) alderdiko kideek okupatuta daukate eraikin hori, eta husteko ahaleginei aurre eginen dietela ohartarazi dute. Sare sozialetan hedatutako hainbat iruditan, Svobodako kide eta jarraitzaileak udaletxean ikus zitezkeen aurpegia estalita eta makilekin eta bertzelako tresnekin armatuta. Edizio hau ixterakoan, baina, Polizia ez zen udaletxera sartua.

Arseni Jatseniuk oposizioko alderdi nagusiko buruzagiak atzo adierazi zuen, baina, Poliziak operazioa bukatu bezain pronto itzuliko direla karriketara. Haren alderdi Batikvstxinak (Aberria) salatu zuen indar bereziak egoitzan sartu zitzaizkiela Kieven. Poliziak berehala ukatu zuen hori, baina geroago Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi zuen ordenagailuak atzemateko agindua eman zuela «atariko ikerketa bat» egiteko. Zuzenean alderdiaren izena aipatu gabe, «eraikina okupatzen duen erakundea» ikerketapean dagoela adierazi du, «iruzurra egin eta boterea gehiegikeriaz erabili» duelakoan.

Ukrainako Gobernuak EB Europako Batasunarekin elkartze akordioa sinatzeari uko egin ondoren hasi ziren oposizioko jarraitzaileen protestak. Hilaren 1ean istilu larriak lehertu ziren Poliziarekin, eta ordutik manifestarien aurka ez esku hartzea erabaki zuen gobernuak, atzora arte. EBrekin berriz ere negoziatzen hasi da Kiev, baina oposizioak jada bertze exigentzia batzuk egin dizkio: gobernuak dimisioa ematea, manifestarien aurkako indarkeriaren erantzuletzat dituztenak epaitzea, eta atxilotutako manifestariak eta Julia Timoxenko lehen ministro ohia askatzea —botere gehiegikeria egotzita daukate preso—.

«Elkar ulertzeko plataforma»

Janukovitx presidenteak, ordea, oposizioarekin eseri nahi du krisia bukatzeko. Horregatik, Leonid Kravtxuk presidente ohiak egindako proposamena ongi hartu du, eztabaidarako mahai bat eratzea «elkar ulertzeko plataforma bat» bihur daitekeelakoan. EBk, berriz, Ukrainako Gobernuari presio egiten segitu du. Europako Parlamentuak Ukrainako egoerari buruz eztabaida eginen du gaur, eta adierazi du atzotik gaur bitarte gertatu denaren araberako ebazpen bat aurkeztuko duela, bihar bozkatzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.