Aitziber Laskibar Lizarribar.
Herrira-ren kontrako polizia operazioa. Analisia

Errentagarritasuna

2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Kolpea lehenengo. Espero ez zen kolpea, eragina handiagoa izan zedin. Eta lortu du barruak astintzea. Urteak atzera egitea eragin dio herritarren gehiengoari; beste garai batzuetara itzultzeko beldurra piztea. Litekeena da zenbaitengan neke sentsazioa ere sortarazi izana. Operazioak bete du helburuetako bat.

Mezua argi utzi du Espainiako Gobernuak: Ez dagoela zereginik esan nahi zion euskal gizarteari; presoen aferan indar egiteari uzteko, ez duelako bere jarrera aldatzeko asmorik. Ez duela konponbiderako korapilorik sentiberena askatzen lagunduko. Presoak kaleratzeko ideia hori burutik kentzeko. Temati jarri ezkero, espetxeak betetzen jarrai dezakeela, gainera. Bost axola diola.

Urteotan ezagutu gabeko egoerak ere ekarri ditu, ezagunegi direnekin nahastuta: Guardia Zibilak herriko kaleak hartu, egoitzak itxi eta herritarrak atxilotuta nola eramaten zituen erakutsita euskal herritarren buruetara iraganeko irudirik ilunenak itzuli dituen arren, atxilotuak ez dituzte inkomunikatu. Areago, guardia zibilen aurreko deklarazioetan detenituekin egon ahal izan dute haien konfiantzazko abokatuek. Eta legez kanpoko bestelako galdeketarik ez dute izan. Arrunta behar lukeena albiste bihurtu da.

Espainiako Gobernuak ezin zuen onartu, antza, torturaren itzal arrastorik, nazioarteko begi gehiegi begira dituen une honetan. Gainera, askatu egin ditu atxilotuak. Mezua argi utzi ondoren, eragindako haserrea baretu nahi zuen, agian. Mugimendua lasaitu. Izan ere, mobilizazioa etetea zuen beste helburuetako bat operazioak: Abisuaren bidez beldurra sortuta lehenik, eta, torturek zein espetxeratzeek eragin zezaketen gehiegizko erantzuna saihestuta, ondoren.

Horretarako, beste herri mugimendu bat legez kanpo uzteko bidea egin badu ere, eskubideen aldeko antolakundeari bere jarduna eteteko agindu badio ere, konponbidearen aldeko lanean aritu diren 18 pertsonei lan horretan jarraitzea espresuki debekatu dien arren, atxilotuak espetxeratu ez izanaren lasaitasunarekin haserrea baretu nahi izan du.

Ez dirudi, ordea, xede hori lortu duenik. Protesta etengabeak ikusi dira aste osoan; lekuan lekukoak, eta ohi baino sentsibilitate gehiagoko eragileen inplikazioa ekarri dutenak.

Agian ez du ondo neurtu iragana atzean utzi eta aurrera begiratu nahi duela euskal gizartearen gehiengoak. Bestelako egoera batean murgiltzeko premia ere sentitzen duela. Kolpea, inoiz baino gertuago sentitu dutela orain arte urruti sentitu dituztenetako batzuek ere.

Eta ondorio bat utzi du asteak: atxiloaldi eredua aldatu beharra sentitu izanak, estatuaren jarrera aldaraz daitekeela erakutsi du. Herritarrek eta eragileek izan dezaketela Espainiako Gobernuaren jarrera aldatzeko giltza, premia hori modu orokortu eta bateratuan erakusten bada; konponbidearen aldeko urratsak egitea aurka egitea baino errentagarriago egiten bazaio. Azken finean, inork ezin du galbidera eramango duen bidea luzaro mantendu.

Atzoko manifestazioaren antolatzaileek saio horretan murgildu nahi dutela dirudi. Kikiltzetik urruti, datozen asteetan urrats berriak abiatuko dituztela iragarri dute. Horien arrakastak eragina izan dezake presoen, eta beraz konponbidearen aferak har dezakeen norabidean. Eta atzoko mobilizazioaren kemenak erakutsi du euskal gizartean badagoela horretarako prestutasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.