Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma

Independentziaren prezioa

Edinburgoren burujabetzaren aldeko eta kontrako argudio nagusiak ekonomian oinarritutakoak dira

Jon Fernandez.
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Onurak ala kalteak ekarriko lizkioke independentziak Eskoziako ekonomiari? Galdera horixe bihurtu da burujabetzaren aldekoen zein kontrakoen arteko borrokaren ardatza Edinburgon. Inork ez du erabateko erantzun ukaezinik, baina argudio eta kontrargudio jarioan ari dira egunero unionistak zein nazionalistak independentziaren balizko prezioa neurtzen.

Eztabaidaren erdigunean ekonomia jarri izana ez da halabeharrez gertatu; izan ere, inkestek behin eta berriz erakutsi dute handia dela independentziaren alde nortasun edo kultura arrazoiengatik baino gehiago arrazoi ekonomikoengatik jarri direnen kopurua. Alex Salmondek galdeketaren aurkezpen ofiziala egin aurreko inkesta batek hauxe zioen: egungo bizi-maila ziurtatuz edo hobetuz gero eskoziarren %65ek bozkatuko lukete burujabetzaren alde eta soilik %25ek kontra; baina independente izateak urtean pertsonako 625 euro galtzea ekarriz gero, soilik herritarren %21ek bozkatuko lukete alde, eta %66k kontra.

Datozen bi urteetan onura eta kalte ekonomikoen bataila irabazten duenak, beraz, ia ziurtatuta eduki dezake garaipena 2014ko udazkenean egingo duten erreferendumean. Hasi besterik ez da egin zifren promesen eta ohartarazpen ilunen norgehiagoka.

Arriskuak

Erresuma Batutik ateraz gero, Eskoziako ekonomiak aukera baino arrisku gehiago izango lituzkeela diote unionistek. Londresko The Economist astekariak, esaterako, «txalupa txiki eta ahul» baten moduan irudikatzen zuen Eskozia independentea, «gaur egun nagusi den ekaitz ekonomikoaren munduaren erdian». Edinburgoko Gobernuak Iparraldeko Itsasoko petrolio erreserbak aipatzen ditu beti etorkizuneko berme ekonomikotzat, baina Londresko astekariaren arabera, petrolioarekiko mendekotasunak kalte egingo lioke Eskoziari. «Haren BPGaren %18 inguru petrolioaren mende egongo litzateke, eta horrek munduko salgaien prezioen gorabeheren morroi bihurtuko luke». Erreserbaren zatirik handiena, gainera, jada ustiatuta dagoela nabarmendu du astekariak, eta azken hamarurteetan Iparraldeko Itsasoko petrolioaren ekoizpena urtean %6 inguru jaitsi dela.

Baina petrolioarena ez da unionistek aurreikusten duten mehatxu ekonomiko bakarra. Eskoziaren arazo nagusia dirua izangolitzatekeela uste dute independentziaren kontrakoek: eurogunean sartuz gero ahuldu egingo litzatekeelako, eta libera esterlinari eutsiz gero diru batasuna izan arren ez lukeelako batasun fiskalik izango. Horretaz gain, banku sistema ere kaskarra izango litzatekeela uste dute unionistek, eta Londresek 2008an Eskoziako bi banku handienak —Royal Bank of Scotland eta HBOS— salbatu behar izan zituela gogorarazten diete abertzaleei.

Eskoziarrak kikiltzeko asmoz, Greziarekin erkatu du The Economist-ek Eskozia independentea. «Independentziaren alde bozkatzen dutenek jakin behar lukete euren herrialdeak Europako ekonomia ahul eta bazterrekoen pare buka dezakeela. Edinburgori Iparraldeko Atenas goitizena jarri zioten XVIII. mendean, bere arkitektura ederragatik eta bertako ilustrazio giroagatik. Lotsagarria litzateke berriz ere goitizen bera hartzea, oraingoan arrazoi negatiboengatik».

Aukerak

Erabat kontrakoa da SNPren diskurtso ekonomikoa: guztiz baikorra. Txikiaren indarra aurkezten dute abertzaleek Eskoziaren etorkizuneko bermetzat. «Independentziak arazo ekonomikoetatik ateratzeko aukera emango digu», azaldu du Jean Urquhart-ek, SNPko legebiltzarkideak. Edinburgoko gobernuko Finantza ministro John Swinneyren arabera, «burujabetzak lanpostuetan eta hazkuntza ekonomikoan inbertitzeko aukera emango du».

Petrolio eta gas erreserbez gain, haizeak, olatuek edo itsasaldiek sortutako energian oinarritzen du ekonomia Swenneyk, eta energia berriztagarrietan, bizitzaren zientzian, finantza zerbitzuetan eta industria sortzailean munduko liderrak izateak leku onean jartzen dituela uste du. Azken hamar urteetan eskumen batzuk berreskuratuta, oro har, Erresuma Batuak baino egoera ekonomiko hobea izatea lortu du Eskoziak, eta burujabe izanez gero, are gehiago hobetu ahal izango luke egoera, zerga sistema «fidagarria eta erakargarria» jarri ahal izango lukeelako. Herrialde eskandinaviarren pare jartzen du Swenneyk Eskozia, eta, haiek bezala, erabat bideragarria dela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.