Madrilek Auzitegi Konstituzionalera eramango du Kataluniako adierazpena

«Lekuz kanpo dago» erabakia Masentzat, eta elkarrizketarako borondaterik ez dagoela erakusten du

Erredakzioa
2013ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiak ez du inor harrapatu ezustean, eta elkarrizketarako borondaterik ez dagoela erakusten du, Artur Mas Generalitateko presidentearen ustez. Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean inpugnatuko du Kataluniaren burujabetza adierazpena, eta Masen galdera hauxe da: «Ez dakit zehazki zer egingo duten, baina, dirudienez, adierazpen bati jarriko diote helegitea. Ez da lege bat, ezta indarrean dagoen arau bat ere». Haren ustez, «lekuz kanpo» dago erabakia, eta uste du «Espainiako demokraziak zenbat eta aurrerago egin, orduan eta oinarri demokratiko gutxiago» dituela.

Kataluniako Legebiltzarrak onartutako subiranotasun adierazpena inpugnatuko dutela jakinarazi zuen atzo Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak, bezperan Estatu Kontseiluak txosten baten bidez emandako aholkuari jarraituz. Txostenaren arabera, adierazpenak konstituzioaren kontrako zantzuak dauzka. Inpugnatzearekin bat, adierazpena bertan behera uzteko eskatuko dio gobernuak konstituzionalari.

Hala ere, argitu du inpugnazio bat dela;ez dela inkonstituzionaltasun errekurtso bat, edota eskuduntzen ingurukoa. Gobernuak gaitasuna du, bere ustez, «egokiak iruditzen zaizkion lege ekinbideak inpugnatzeko edo errekurritzeko, gobernu autonomikoek gobernuaren ekinbideekin egin dezaketen bezala».

Inpugnazioaren bidea ohikoa ez dela-eta zertan datzan galdegin diote kazetariek presidenteordeari: «Auzitegi Konstituzionalaren lege organikoak zehazten du zer den inpugna daitekeena». Ez du gehiagorik zehaztu. Esan duen gauza bakarra hauxe izan da: «Adierazpenak esaten du Katalunia subjektu burujabea dela, eta ez da. Beraz, konstituzioaren kontrakoa da».

«Inpugnazio hau proposatzen dugu agindu konstituzionala bete beharrez. Ulertzen baitugu gobernu gisara gure eginbeharra legea betetzea eta betearaztea dela, eta konstituzioa legeen legea da», Saenz de Santamariaren hitzetan. Hala ere, «elkarrizketaren alde» egingo du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.