Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Ametsen erreinuan

Miyazakiren azkeneko lana da Kaze tachinu. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Kaze tachinu' / 'The Wind Rises'

Zuzendaria: HayaoMiyazaki. Herrialdea: Japonia.Iraupena: 126 minutu.

Hayao Miyazaki maisuak erretiroa hartuko duela iragarri zuen Koji Hoshino Ghibli ekoiztetxeko buruzagiak Veneziako jaialdian. Zuzendariak berak egun batzuk geroago Tokion emandako prentsaurrekoan argitu zituen kazetari eta zaleen zalantzak. Atseden hartzeko garaia iritsi zaiola adierazi zuen, urteetan eraman duen bizimoduak, hau da, lan erritmo ikaragarriak ahitu egin duela azkenerako. Hala ere, 72 urteko egilearen sormena ez da inolaz ere agortu, beste alorretan jarduteko asmoa duela agertu baitzuen.

Veneziako Sail Ofizialean estreinatu zuen Kaze tachinu. Fantasiazko unibertso propioa osatu du urte hauetan guztietan, baina, kasu honetan, errealismorantz jo du. Jiro Horikoshi ingeniariaren benetako istorioa dakar oraingoan, eta ikusleen artean iritzi kontrajarriak eragin ditu. Animazioa amesteko dela pentsatuko dute askok, baina errealismora jo izanagatik ere, Miyazakik ez dio amets egiteari utzi. Film polita eta hunkigarria ondu du, eta akzioa bazterrean utzi du protagonistaren sentimenduetan arreta ipintzeko asmoz. Jakina den moduan, askok aspergarritzat jotzen dutena, ordea, beste batzuek biziki eskertzen dute, ingeniariaren bizitza edozein heroirena bezain liluragarria izan daiteke eta. Era berean, Japoniako historian garrantzitsuak izan diren hainbat une agertu nahi izan ditu; Kantoko lurrikara, kasu. Hirohitoren armadak II. Mundu Gerran baliatu zituen Horikoshik diseinatutako Zero ehiza-hegazkinak, eta gudaren azken urteetan kamikazeek erabili zituzten. Horikoshiren bizitza zinemara moldatu izanak kritikak eragin ditu, baina argi dago gizarte modernoetan zientzia eta teknologia jarduerek erromantizismorik batere ez dutela. Zientzialari eta ingeniariek armadarekin eta agintariekin elkarlanean dihardute, horrexegatik ingeniari bakar baten lana gaitzestea alferrikakoa da, egungo munduan nagusi baita big science paradigma. Ametsak egia bilaka daitezke, baita amesgaiztoak ere. Edonola ere, suntsipen handiko armen garaian ere amesten jarraitzea ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.