Larrepetit

Km 0

Castillo Suarez.
2011ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Txandala erosi nuen bidaia egiteko. Institutu garaitik ez nuen txandala jartzen, baina bidaia autobusez egin behar genuen, eta bertan egin behar genuenez lo, erosoena hori izango zela pentsatu nuen. Tiradera batean gordeta daukat oraindik, nahiz eta bidai hartatik hamar urte baino gehiago pasatu diren. Txandala eta buruko puzgarria, berriz ere erabili ez dudana.

Gasteizen autobusa hartu eta Segovian geratu ginen autobuseko jarlekuak atzera bota behar zituztelako ohe zabal bat egiteko.Ezin izan nuen lorik hartu horrenbeste ezezagunen artean eta leher egina nengoen Andaluziako hiriburu bateko industria poligono batean utzi gintuztenean. Desordutan. Txaperoak lanean ikusi nituen lehendabiziko aldia zen. Lotsa eta nazka sentitu nituen aldi berean.

Ezin dizut ezer kontatu bisitaz. Esan diezazuket gainontzeko emakumeak orraztu eta margotzen zirela kartzelako komunean eskanerretik pasatu baino lehen, festa batera joango balitz bezala. Nik, bitartean, kafesneak hartzen nituen kristalezko baso estuetan. Nik ez nituen margotu ez begiak ezta ezpainak ere, nire zain zegoenak egunkariko argazkia besterik ez zuelako ezagutzen.Ezezaguna zen.

Ezin dizut ezer esan berrogei minutu haietaz. Ezabatu egin dira nire burutik. Kristala zikin-zikina zegoela besteri kez dut burutan. Aulkiak plastiko berdez eginak zirela.

Handik atera eta jatetxe txinatar batean bazkaltzen egon nintzen. Arratsaldea Corte Inglesean pasatu nuela esan diezazuket, ez nuen ezer erosi, baina aurkitu nuen tokirik freskoena huraizan zen.Ondotik, taxi bat hartu nuen gasolindegi batera joateko. Beste euskaldun batzuk agertu ziren hara.Ez dakit zenbat ordu egon ginen restopean, zain.

Preso bat bisitatzera joaten nintzen lehendabiziko aldia zen. Etxera bueltatu eta berriz ere gisa horretako bidai bat egiteko gai ez nintzela izango pentsatu nuen nire artean. Ahul sentitu nintzen. Ahul sentitzen naiz oraindik ere. Horregatik ez ditut bisitak bakarrik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.