Larrepetit

Gure etxea

Castillo Suarez.
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gurasoen etxean bizi ginenean, sukaldea janaria prestatzeko zen, logela lo egiteko erabiltzen zen, eta arratsaldeak egongelan pasatzen genituen. Ezkondu zirenean erosi zituzten etxeko altzari guztiak eta den-dena zegoen konbinatuta: gortinak arrosak baziren, kuxinak ere bai; altzariak kaoba kolorekoak baziren, gela osokoak ziren egur eta estilo berekoak. Gure etxean, ordea, ez daude gelak paretez bereiziak, eta batu ditugu estudioa-sukaldea-egongela, beraz, ezin esan gela bakoitza zertarako den. Altzari guztiak dira ezberdinak, bata heredatua eta berriztatuta, bestea bidaia batetik ekarria eta gehienak Ikean erosiak. Aulkia mesanotxea da aldi berean, sukaldeko mahaia lanerako mahaia ere bada eta sofa ohatzea egiten da lagunak etortzen direnean. Ez dago ezer konbinatua. Gauza bakoitzak badu bere gaia eta estiloa. Aldiro ari gara dekoratzen eta birdekoratzen.

Jendeari galdetuz gero, badirudi gehienok 100 metro koadroko atiko terrazaduna aukeratuko genukeela. Leiho guztiak kanpora begira dituena eta, beraz, ongi argiztatua. Ikeak egin duen ikerketaren arabera, gure ametsetako etxean egongela litzateke lehentasunezkoa eta, beraz, hura litzateke gelarik handiena. Izan ere, jende gehienak egongelan egiten ditu gauza gehienak: jan, lan egin, irakurri, telebista ikusi, Interneten nabigatu… Egongelan, hain zuzen, gailu teknologikoak pilatzen dira, gure etxeak gero eta teknologikoak baitira. Estimatzen ditugun tokien artean bigarren tokian sukaldea egongo litzateke, baina askoz ere zale gutxiagorekin. Bitxia bada ere, soilik jendearen laurdenak aukeratuko luke familia bakarreko etxea. Publizitate euskarrietan eta telebistan beti nabarmentzen dira etxebizitza hauek eredu gisa, baina badirudi erosten dituztenek inertziaz erosten dituztela eta ez egiazki mota horretako etxeak behar dituztelako.

Garbi dagoena da gero eta denbora gehiago pasatzen dugula etxean, besteak beste, garestiagoa delako etxetik kanpo pasatzea gure denbora librea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.