Larrepetit

Idatzi eta irakurri

Castillo Suarez.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Gurasoak harro egoten dira beren seme-alabak irakurtzeko ohitura dutenean. Irakurtzen ez badute, ordea, gabeziaren bat balute bezala tratatzen dituzte nirekin hizketan ari direnean, munduko gauzarik normalena irakurtzeko ohitura izatea balitz bezala, nahiz eta nik, egia esan, gehiegi irakurri ez. Bitxia da, gainera, guraso horietako askori kosta egiten zaielako liburuak erostea, hein batean alferrikako gastua balitz bezala liburu berri bat erostea zaharrak behin eta berriz irakur daitezkeenean. Guraso horiek gutxi irakurtzen duten seinale, oso gutxi baitira behin eta berriz irakurtzeko moduko liburuak. Gehienen kasuan, nahikoa da behin irakurtzearekin.

Bereziak dira irakurtzen zein idazten duten haurrak.

Ume batek idazten duela enteratzen direnean, klaseko lagunek barre egingo diote, ezohiko espezie batekoak balira bezala boligrafoa hartu eta amets egiteko gaitasuna dutenak. Zer esanik ez poesiak idazten baditu. Orduan gelako arraroa izango da, zalantzarik gabe. Ez da ausartuko inori esatera gauero kaiera bat irekitzen duela egunean zehar burutik pasatu zaizkion gauzak jasotzeko. Izan ere, idaztea, eta areago, poemak idaztea, alferrikakoa da bizitza modernorako. Askoz ere hobeki ikusiak dira kirolean onak direnak. Matematiketan onak direnak ez hainbeste. Haur bati galdetuta, sekula ez dizu esango idazle izan nahi duela handitan, gizarteari on egingo dioten lanpostu horietako bat aukeratuko du, medikua edo suhiltzailea —hobekien ikusiak diren lanbidek uniformedunak dira, ezbairik gabe—, edo, kasurik okerrenean, telebistako saioren batean kolaboratzaile izan nahi duela esango dizu, eta Paquirrin bezala bizi, juerga eginez eta ahal duen guztia ligatuz.

Munduan bi eratako pertsonak daudela esan liteke: ekintzaileak eta besteak. Batzuek gauzak egin egiten dituzte eta besteok ekintza horiek idazteko edo irakurtzeko gaude; eta ez galdetu zer den atseginago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.