Larrepetit

Gaztemina

Hur Gorostiaga -

2012ko urriak 26
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoak gaztemina bizi dute. Azken datuen arabera, 15 eta 29 urteko 45.000 gazte ditugu, baina kopuru hori apalduz doa etengabe, nahiz eta une berean herritarren kopuru orokorrak nabarmenki gora egiten duen, bereziki kanpotik heldu eta bertan instalatzen diren adinekoengatik.

Baxoa ukaiten duten gazteen hamarretik seik kanpora jotzen dute ikasketen egitera. Alta, bertan ikasketak egiten dituzten ikasleak geroz eta gehiago dira, baina, hautua oso murritza denez, gehiengo bat kanpora joaten da. Hautu zaila dute gazteek: Ipar Euskal Herrian bizitzen gelditu eta, ondorioz, beren ikasketak edo ibilbide profesionala sakrifikatu, ala urte luzez kanpora joan, ikasketak eta ibilbide profesionala kanpoan egitera.

Bertan gelditzea deliberatzen dutenek ez dute bizi erraza. Edo dauden ikasketa urrien artean hautatzearekin konformatu, edo lanean hasi ikasketak luzatu gabe, soldata apala eta langabeziaren arriskuarekin (helduengan dagoen langabezia bikoitza dute gazteenek). Kanpotarren heinera finkatuak diren etxebizitzen prezioek gazteak uxatzen dituzte, eta kilometro sorta galanta egin behar dute goizero, bizilekutik kostaldeko lantokirat etortzeko.

Ikastera eta lanera kanpora joan eta ondotik itzultzea erabakitzen dutelarik, herriarekiko erabat deskonektaturik heldu dira. Baina herrimina hain da handia, askok, gaindiplomaturik izanik ere, prestaketa apalago bat eta, ondorioz, soldata apalagoa duen lanpostua onartuz itzultzen direla, hainbat urte berantago.

Garapen Kontseilua egiten ari den gogoetan ageri denez, gazteek beren herriarekiko lotura badute, eta herri egitasmoetan edo kultur elkarteetan parte hartzeko joera Estatuko batez bestekoaren aise gainetik kokatzen da.

Baina Ipar Euskal Herrian berezko egiturarik ez izateak, ezta gazteen artean ere, diagnosia eta, ondorioz, aterabideak atzematea zailtzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna