Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Hordagoari eutsi

2013ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Iturenen nonbait ez dituzte joareak behar bezala astindu. Pariseko izpiritu txarrak ez dituzte uxatu, eta frantziar inkisizioaren atzaparrek berriz ere jo dute gurean.

Napoleon-Vallsen soldadu fidelak, Euskal Herrira heldu berri, enperadorearen aginduak zintzo baino zintzoago bete ditu. Baina ezjakina da, ez baitaki ahalegin guziak eginik ere, azkenean zanpantzarrek urtero berdin bukatzen duela.

Harrigarria da XXI. mendean oraino duen boterea. Ordena publikoaren ardura nagusia izateaz gain, auzapez batek herriko kontseiluari bozkarako erabaki proposamena aurkeztu aitzin, suprefetari helarazi behar dio. Udal kontseiluak erabakia hartu, eta suprefeturara bidali beharko dio berriz, hark hautetsiek hartutako erabakia legezkoa den ala ez berresteko. Gisa berean, herriko etxe batek egiten dituen gastuetan ordaindutako BEZ zerga berreskuratzeko, suprefeturaren baimena behar. Suprefetak Hendaiako auzapezari egin dion mehatxua, beraz, ez da nolanahikoa.

Barne ministroaren peko da suprefeta, eta tokiko jendeekin konplizitaterik egon ez dadin, bi urterik behin aldatzen dute, Frantziaren handitasuna eta bere integritatea osorik atxiki dezan.

Azken hamar urteetan suprefeta aski jantziak izan ditugu, nolazbait politikoagoak. Garapen Kontseiluaren bilkura guztiak segitu dituztenak, ardi zuriaren larruz jantzi eta Estatu hiperzentralizatuan Pariseko lotura segurtatzeko ardi beltza hurbilagotik zaindu dutenak. Ezagutu ditugu hain finak ez zirenak ere, astebururo txofer ofiziala baliatuz Donostian sekulako mozkorrak biltzen zituena. 9 hilabete besterik ez zuen iraun suprefeta hark Baionan. Ea oraingoak gutiago irauten duen...

Bihar hitzordua dugu Hendaian. Suprefetak bota digun hordagoari ez badiogu eusten —Hendaiakoaren ondoren, zein da ondokoa bere zerrendan?—, akabo gurea. Adio ikastolak, Seaska, Herri Urrats eta euskara. Bihar arte, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.