Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Porsiaka

2013ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Badaezpadakoen erreginak hazitakoa izateak arrastoa uzten duela sinistuta bizi izan naizela denbora askoan. Hala idatzi nuen orain urte erdi pasatxo. Eta badaezpada bazpare dela gure etxean. Eta urtetan joan garela oporretara behar ditugun gauzen maletak halako bi, bazparez beteta. Idatzi nuen beharrak egin zituela badaezpadakoen zale gure aurrekoak. Bazekitelako behar zenean falta izatea zer zen. Guk falta ez genezan, haiek beti badaezpada. Eta amaitzen nuen aitortuz alboan dauzkadan paper hesiei begira jabetu naizela arrastoaz. Joan naitekeelako oporretan maletan bi kulero hartuta. Baina egunen batean, noizbait, bi lerro idazteko aitzakia eman diezadakeen guztia hemen alboan daukadalako. Bazpare.

Ez nuena inoiz imajinatuko da arrastoa hain luzea izango zenik. Gure amaren badaezpadarako joerak ehunka gazteren azterketa baldintzatzea arrasto benetan luzea izatea da. Eta gertatu da. Eta bazpare, ez dut imajinatu nahi oporrekin ametsetan ari diren gazteen begirada, amak badaezpada zerbait hartzeko esaten dien unean. Batez ere, badaezpadak ametsen bat zapuzten baldin badie.

Arrasto batzuek iraun egiten dute denboran. Irakurritakoak ere bai, noiz edo noiz. Baina amestu ditzakezun arrastorik arraroenek ere ez dute zerikusirik hizkuntza gaitasunak, abilidadeak edo jakinduria neurtzeko azterketekin. Utzi nahiko zenukeen arrastoak ez du loturarik selektibitatea gainditzearen pozarekin edo gainditu gabe geratzearen frustrazioarekin. Hitzik zehatzenak eta egokienak aukeratzeko ahaleginean, ez zaizu burutik pasatu ere egiten egunen batean norbait estutasunen batean jarriko duzunik. Eta zer esanik ez, estutasun horren ondorioz nota jarriko diotenik.

Jakin izatera, porsiaka idatziko nuen badaezpada. Ez zuten aukeratuko.

Gaur porsiaka. Badaezpada madarikatu eta honezkero,zorionez, ahaztu duten guztiakgogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.