Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Pertsona ona

2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Oso pertsona ona da». Ez dago ezezaguna aurkezteko modu gaiztoagorik. Eta ez ona izatea berez txarra delako. Txarra da esaldi hori erabiltzeko arrazoi parea: bat, zerbait ezkutatu edo zuritu nahi izatea, eta bi, azpimarratzeko moduko beste ezaugarririk ez aurkitzea.

Olga Dogaruz esan genezake oso pertsona ona dela. Zer dira hemezortzi milioi euro semearen askatasunarekin konparazioa eginez gero? Segituan hartu omen zuten su semeak eta kuadrillak Rotterdamgo Kunsthaletik lapurtutako zazpi koadroek, eta erabat kixkalita geratu omen ziren. Hala kontatu du ama onak. Radu Dogaru ere pertsona ona izango da. Lapurretaren bideoak ez du kontrakorik frogatzen. Lapur ona ere bai, seguru asko. Eta baita seme ona ere. Lapurtutakoa ezin saldu eta amaren ardurapean uzten duen semeak ona behar du derrigorrez. Baina dogarutarrak ez dira albiste pertsona onak direlako. Nekez bihurtzen da inor albiste ona izateagatik.

Ama-seme dogarutarrak bidean gurutzatu ez balitzaizkit honezkero iritsi nintzen pertsona onen sailkapeneko bigarren azpisailera: pertsona aspergarriak. Zuritu edo ezkutatu beharrekoak baino dezentez beldurgarriagoak. Aspergarri luzea da aspergarrien zerrenda. Eta mota askotakoak izaten dira. Aspergarrienak kontua esaten hasi eta hitzez hitz datorrena zein den asmatzeko moduko esaldiak osatzen dituztenak dira. Edo zer esanik ez, eta, hala ere, esan behar horretan, esan baino lehen zer esango duten badakizunak. Okerrena da oso zaila dela ihes egitea. Harroari, petralari edo kaskailuari baino dezentez zailagoa.

Gauza bakarra dago pertsona baten aurrean aho zabalka hastea baino beldurgarriagoa. Parekoak aho zabalka hasi direla konturatzea. Hori da azkenekoa. Eta irakurri baino lehen datozen hitzak zeintzuk diren asmatzen hasi baino lehen hobe erretiratzea.

Eskerrik asko ni baino pertsona hobeak izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.