Julio Soto.
Larrepetit

Zorionak

2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Igandean iritsiko da bukaerara txapelketaren trena. Bertsoak duenik eta erakusleiho potoloenera. Eta egun gogoangarria izango da.

Hitz egin nezake erakusleiho horrek euskal kulturarentzat duen garrantziaz, herri eraikuntzan nor izate sentimendu konpartitu horren ezinbestekotasunaz. Hitz egin nezake euskararentzat suposatzen duenaz. Edo, nahi bada, txapelketaren beharrizanaz, barnebiltzen duen sistema piramidalaz, lehiaren ondorioez. Baina hitz egin nahi nuke sentimenduez, sentsazioez. Txapelketak bertsolarioi eman diezagukeenaz.

Zein gurpiletan sartzen den jakin gabe hasten da bat bertsotan. Intuizioz, afizioz, kasualitatez. Eta gehiago, gutxiago, baina askok bukatzen dugu lehiatzen, edo lehiatzera garamatzate (eztabaidarako beste gai bat, baina noan aurrera).

Pertsonalki, iruditzen zait asko eman diezaiokeela txapelketa batek bertsolariari, kendu ere egiten dion arren. Behin han, ahalik eta gorenen iritsi nahi du batek. Baina denborarekin konturatzen da lehia ez dela kideekikoa, norbere buruarekikoa dela. Norbere beldurrak, mugak, zikoizkeriak ezagutzeko bide ematen diola txapelketak. Eta hauek gainditzeko lehiatzen da bat.

Denok bukatu dugu inoiz kolpe gogor bat hartuta. Bat, edo bi. Ilusio eta indarrak bidean utzita. Eta, orduan, bizitza denaren lezioa jasotzen du batek. Eta ikasten du erortzen, altxatzen. Bertsolari ez ezik, pertsonalki hazteko balio duelako txapelketak, eta hemen duen lilurarik eta handiena.

Asteroko bertso-eskolan, astebururoko ibilian, lagun handiak egiten ditugu bertsolariok. Lagun minak. Txapelketak lotura hauek estutzeko ere balio du. Sentitzen da bat maitatua, babestua. Eta pozten da maitasun eta babes hori eman dioten lagunei gauzak ongi doazkienean. Igandean, joko dizuegu txalo, egingo dizuegu olatua, eta bai, inbidia ere pasako dugu. Zorionak, zortzikote! Egurra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.