Zorionak, Euskal Herria!

Amaia Lopez de Luzuriaga
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Astelehen goiza da gaur. Amaitu da 17. Korrika. Hamaika egunez Korrikako lasterketa lantaldean izan eta gero,hemen nago, etxean, loaldi luze bat egin eta gero, arraro. Leihotik begiratu eta, etxeak, zuhaitzak eta txoriak soilik egon arren, neuk oihuak entzuten ditut: «Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika». Sukaldean eserita, begiak itxi eta Korrika ikusten dut. Eta, honela, hamaika egunez furgonetan joateko pribilegioa izan dugunok jaso dugun maitasuna zuei guztioi helarazteko beharra sentitu dut; herri eta euskaltegietan Korrika hau posible izan dadin lanean aritu zareten euskalakari guztioi. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet:

Saltoka eta dantzan, umore onez eta irribarre eder horiekin Korrika aritu zareten euskalakariei;irrintzi, bertso eta kantak eskaini dizkiguzuen euskalakariei, gaueko ordu txikietan ere, astean zehar zein asteburu izan, errepide bazter galduetan Korrikaren zain denbora luzez aritu zareten euskalakariei; eskualde jakinetan Korrikalariak animatzera furgonetara igo zareten euskalakariei; egunez zein gauez etxeko mantala eta zapatilak jantzita Korrika txalotzera etxeko atarira ateratako guraso, umetxo eta aitona-amona euskalakariei; Korrikari harrera egiteko balkoietan ikurrinak jarri eta astindu dituzuen euskalakariei; etxeetako leihoetatik txalotu gaituzuen euskalakariei; herrietako hormetan zein errepideetan Korrikaren eta euskararen aldeko mezuak margotu dituzuen euskalakariei; pankarta ederrak eginez Korrikaren eta euskararen aldeko mezuak zabaldu dituzuen artista euskalakariei; gure artean egon ezin diren euskaltzaleen izenean lekukoa hartu duzuen senide eta lagun euskalakariei; Korrika egin ezinda ere makuluekin edota gurpil aulkietan bide bazterretik agurtu eta txalotu gaituzuen euskalakariei; lanorduetan lantegitik atera eta lantegi atarietan txaloka hartu gaituzuen langile euskalakariei; geure bihotzak hainbeste hunkitzeagatik, eskola orduetan hain peto ederrak jantzita, hain ikur, ikurrina eta lekuko politak eskuetan Korrika oihukatzera hurbildu zareten ikastola eta eskoletako ume zein irakasle euskalakariei; gu horren ongi zaintzeagatik furgonetako kideontzako edari eta jaki goxo-goxoak ekarri dituzuen euskalakariei; furgonetako kideontzako kafe-termoak musu-truk bete dituzuen tabernariei; furgonetako kideoi «neu sukaldari eta euskalakaria naiz» esanez gosari ederra eskaini zigun euskalakariari; furgonetako kideontzat «K» urdindun txapel polit horiek egin dituzuen ume euskalakariei; Korrikarentzako mezuak idatzi eta furgonetako kideoi helarazi dizkiguzuen ume euskalakariei; furgonetako kideoi atsedenerako landetxeetan gelak eta gosari eder-ederrak musu-truk eskaini dizkiguzuen euskalakariei; Korrikan lurrera erori eta kolpe ederrak hartuta ere euskaltzale izaten jarraituko duzuen euskalakariei; geurekin batera furgonetetan Korrikaren jarraipena egiten eta haren berri ematen aritu zareten kazetari guztiei, eta, bereziki, geure lan taldeetan txertatuta gau eta egunez lanean aritu zareten Hamaika Telebistako lau lagun euskalakariei; aurreko furgonetan jendea agurtzen nindoalarik eskutik indarrez heldu zidan aitona euskalakariari; Korrika amaitzeko ekitaldiaren ondoren oraindik peto horiak jantzita genituelarik sorbaldatik heldu eta begietara zintzo begira «eskerrik asko» soilik esatera etorri zen gazte euskalakariari; Korrika bazetorrela-eta besoak altxata, ukabilak indarrez astinduz, begiak malkotan, hitzik ere egin ezinda hartu gaituzuen euskalakariei; eta aipatu gabe geratu diren gainontzeko euskalakari guztiei.

Furgonetetan joateko aukera izan dugunok lehen eskutik ikusi dugu herri txiki honek, Euskal Herriak, zeinen bihotz handia daukan. Euskal Herria herri dela eta herri gisa bizi nahi duela. Baina, batez ere, herri honek euskalakari izan nahi duela erakutsi du. Horrexegatik, zorionak, Euskal Herria! Gora 18. Korrika!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.