Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Alargunarena

2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Etxebizitzaz aldatu da. Handiegia da, handi izan gabe, bakarrarentzat. Eskertuko zuten handixeagoa bientzat. Baina ez da horretaz akordatzen. Dena egiten zaio handi orain. Baita pasilloa ere. Bi gurutzatzeko estuegia izan arren. Ezin du eraman hainbeste urteren ondoren sekula gehiago ez direla gurutzatuko pentsatzea. Etxez aldatuta bakardadeari errazago aurre egingo diola pentsatu du.

Ideia ona dela esan diote lagunek. Bizitza berria, toki berrian.

Eta hala ere. Zer eraman erabaki ezina. Ez. Zer ez eraman. Hori da erabaki ezin duena. Dena eramango luke, egunen batean, lasaiago, zer gorde nahi duen eta zer ez erabakitzeko. Soineko baten aurrean egin ditu hiru ordu. Soineko hura bizitzen zuena gogoan. Lehendabizikoz ikusi zionekoa gogoratu nahian. Ez zuela gehiago jantziko zergatik esan ote zuen akordatu ezinik. Ezagunak ez zaizkion arropak ere aurkitu ditu. Eta arropak ez direnak. Hainbeste. Bere etxean zer arraio egiten duten, zergatik dauden mimoz gordeak argituko dionik gabe, zentzua galdutakoak gehienak. Beharbada, denborarekin akordatuko dela esaten dio bere buruari.

Ez dela ideia ona esan diote lagunek. Hobe, behar duena bakarrik eramatea. Bizitza berrirako, gauza berriak.

Maleta txiki batean kabitzen zaizkio behar dituenak. Badaezpadakoren bat ere bai. Barrura begiratu gabe itxi du etxeko atea azkenekoz. Han geratu dira konpartitutako bizitza osoaren arrastoak. Gauzak, besterik ez, esan du.

Etxe berrian irribarre egin du aspaldiko partez. Emazte zenaren errieta ttikia entzun uste izan du. Zerbait ahaztuko zenuen. Hori esan dio. Hasi da gauzak ateratzen. Hark arrazoi. Barruko arropak falta. Segundorik galdu gabe irten da. Aurkitu du luze gabe denda bat. Dendariak ze zenbakitakoak behar dituen galdetu dionean konturatu da zeinen biluzik dagoen emaztea hil zaionetik. Negarrez lehertu da, hantxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.