Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Seguru

2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Aseguru kontuez ari da. Eta iruzurraz eta iruzurtiez. Nola antzematen duten aspaldi honetan sakeleko modelo berriren bat merkaturatzen den bakoitzean hazi egiten direla zeukatena galdu edo lapurtu egin dietela frogatzen duten salaketak. Faltsuak, gehienak, bere hitzetan. Baina paperak ondo eginak. Alegia, egiazko salaketak gezurretazko galerei buruz. Eta konpainiek, kasu horietarako adostutako diru pixarra ordaintzen dietela, gezurretan ari direla frogatzea ia ezinezko delako. Erantsi du puri purian dagoela pintatu beharra duten auto zaharrak rotondetan bueltaka jartzearena ere. Ea nork emango. Eta kolpea salatu ondoren, autoa pintatzeko eskatu aseguruari. Iruzurtiak horiek ere. Eta diru gehixeago eskuratzeko anbizioa dutenek, kolpearen ondoren medikutara, eta handik paper sinatua, min dutela ziurtatzen duena. Konpainiari kalte-ordainak exijitzeko.

Iruzurra iruzurraren gainean. Iruzurti kopurua ikaragarri hazten ari da. Eta errematea: «klaro, eta gainera, gure artean ondo ikusia dago. Haziendarekin bezala gertatzen da». Eta hor, irribarrea. Aseguru-etxeek ez dute zerikusirik denontzako zerbitzuek funtziona dezaten irabazien arabera jarri beharreko derrigorrezko botearekin.

Segurua ezer ez den garaiotan, ez nago seguru aseguru-etxeei etekina ateratzeko ahalegina egiten dutenena aseguru-konpainien jarduna bera baino iruzurgileagoa ote den.

Ez dakit nork asmatu zuen aseguratu beharra. Baina gutako bakoitzaren barruan bizi den iruzurgile txikiak pentsatu du noizbait bizitza osoan zer gerta ere ordaindu arazten diguten kopurua gordetzeko eskubidea izan bagenu, nahikoa izango genukeela zerbait gertatu izan balitzaigu. Batez ere, lasaitasuna prezio onean erosi ondoren, txikikeriaren bat gertatzea nahikoa delako, lasaitasuna ziurtatuko dizun asegururik ez dutela oraindik sortu frogatzeko. Hori seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.