Eneko Bidegain.
Larrepetit

Txapelaz harago

2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Azken arnasa itsasoari begira eman nahi dion Sebastian Lizaso, zezenaren larrutik kantatu duen Xabier Euzkitze, burua gehiegik gutxiegi erabiltzen dutela maisuki ohartarazi duen Andoni Egaña, herriaren zauriak lurpean ez ixtea desio duen Jexux Mari Irazu edota Himalaiako postaleko muxuak hotz hartu dituen Maialen Lujanbio gogoan iltzaturik geldituko zaizkigu betirako. Bertso txapelketa nagusiko finalek horrelako perlak eta gehiago eskaintzen dizkigute. Badakigu BECeko saioan irria, zirrara edota malkoak eraginen dizkiguten bertso bikainak entzunen ditugula, eta hori da saioaren arrakastaren giltzetariko bat.

Beste giltzetariko bat da oasi baten moduan bizi dugula egun hori, euskara baita hango hizkuntza bakarra. Eta hori bera oxigeno handia da egunerokoan erdararen zamaren azpian bizi behar duen jendearentzat bereziki. Han elkartzen garen guztiak errotik euskaltzaleak eta kulturzaleak gara, hitzaren soiltasunak eta, aldi berean, konplexutasunak biltzen gaituzte: Amets Arzallusek magia hori ederki deskribatu zuen gisan, «su horren bueltan dantzan gabiltza».

Lehia, sailkapena eta puntuazioak bigarren mailakoak dira. Txapela ere bai. Nahiz eta batzuek harriduraz hartzen duten finalistek ez agertzea txapeldun izateko gogorik, ez dut dudarik bertsolariak zintzoki mintzo direla hori baieztatzen dutenean. Finalean kantatzea bera eta finalean edota kanporaketetan bertso ahanztezin batzuk botatzean jasotzen duten txalo zaparrada eta esker ona sari handiak dira. Publikoak txalo, «aupa» eta ohore handien erdian hartuko du zortzikotea, merezimendu osoz.

Jende anitz sarrerarik gabe gelditu izana penagarria da haientzat, baina arrakasta hori bera pozgarria da bertsolaritzarentzat. Hala ere, txapelketa hain ikusgarri egin duten argi horiek ez diete itzalik egin behar urte osoko saioei eta bertsoaren ibilbideari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.