Larrepetit

Izan edo ez izan

UXUE APAOLAZA
2011ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Nostalgia sartzen zait irratia pizten dudanetan, eskuin halakotzat onartuak Kataluniaren kontra egiten zuen garaiaren miraz —barkatuko didate katalanek—, zerraldo, paniko, torturarik gabeko kontuei buruzko astakeriak hobeto eramaten ditut. Egunotan zenbait komunikabideri kasu eginez gero, ez dakit izuturik edo flipaturik nengokeen, izatez kezka txiki bat ari zait sortzen; ez zait etxetik hain urrun geratzen eta beharbada Audientzia Nazionaletik pasako naiz, agian urteak baitaramatzat nire eskuz jendea hilez, ez dut kontrakoa guztiz frogatuko lukeen ebidentziarik, eta oraindik ez naiz ohartu.

Kutsatuta egoteari buruzko txantxetako galdeketa batean guztiz nengoela esan zidaten, beharbada Hernanikoa izateak zer ikusia izango du; hala ere, ETA hartzen ari den gerribuelta ikusita, ni ez nindukete onartuko goi esferatako klub horretan. ETAren boterea gobernuko presidentziaraino goratzen duten lehen aldia ere ez da —nik uste ETAk berak sinesten zuela aldika estatuari kalteren bat eragiten ziola—, baina beharbada bai «estatua eta hauteskundeak ETAren esku» uzten direla, bestalde, Juan Kruz Lakastak maiatzaren 3an idatzitako zutabean are Auzitegi Gorena ere ETAkoa zela frogatu zuen, hartarako frogarik behar ez denez; agian, eta Konstituzionala ere ETA denez, ETAren etsai handiena ezker abertzalea bera da. Victoria Pregoren txiste bat argigarri izan zait; dio: ETArekin negoziatzera esertzen direnean, mahaiaren alde batean gobernuko ordezkariak egongo dira; bestean, guardia zibila. Eta Antonio Basagoiti? PSEren laguna baldin bada, agian entornoak harrapatu du dagoeneko, baina abizen euskaldunegia du, azkenaldian ETAko kideak Madrilen daudela ematen du, eta eskolta daramate beren buruarengandik babesteko, Jesus Egigurenek bezala. Agian ETAn bi partidu handiek eztabaida gaia izateko kontrataturiko guardia zibilak baino ez daude; edo agian denok gara ETA, edo ez; dagoeneko, agian, ETAn ez dago ETAko inor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.