Larrepetit

Aipatu ez direnak

Castillo Suarez.
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina honetan, Kataluniakoetan ez bezala, deigarria izan da zeinen gutxi aipatu dituzten etorkinak. Eskuineko alderdiek ere, nahiz eta maiz aipatu dituzten krisia eta krisiaren ingurukoak, saihestu egin dute etorkinak aipatzea.

Gauza jakina da ekonomiak behera nabarmen egin duen tokietan areagotu egiten direla etorri berrien kontrako ideiak eta hein batean zerbitzu publikoen kalitatearen jaitsiera haiekin lotzen dela zuzenean, baina hauteskunde kanpainan ez dute immigrazioaren alde ilunez hitz egin. Gehienez ere etortzen direnek modu «ordenatu» eta legezko batean egin behar dutela aipatu dute politikari eskuindarrek. Etorkinen betebeharrez hitz egin dute, baina ez dituzte beti aipatu beren eskubideak.

Duela ez hainbeste denbora sortu zuela Alderdi Popularrak, Kataluniakoa hauteskundeen karietara, Alicia Croft izeneko pertsonaia (Alicia Sanchez-Camachoren alter egoa), Pepe izeneko kalatxori baten gainean independentistak eta legez kanpoko etorkinak akabatzen zituena. Agerian geratu zen mezu oldarkorrek bilatutakoaren kontrako efektua sortzen zutela.

Etorkinen portzentaje handik batek ezin du botoa eman, eta, beraz, ez da gizartearen sektore «erakargarria» botoak arrantzatzeko. Gainera, abstentzioa nabarmena izaten da botoa eman dezaketen artean. Zerrendatan ere, gutxi dira atzerritik etorritakoak gizartean duten toki errealarekin erkatzen badugu.

Nolanahi ere, arazo bat aipatzeak ez du arazoa desagerrarazten, gero eta gehiago hedatzen ari dira hainbat topiko eta aurreiritzi: gure kultura desagerraraziko dute, gure ikasleen batez bestekoa jaitsarazten dute, krisiaren errudunak dira, ez dute zergarik ordaintzen, osasun etxeak gainezka daude haien erruarengatik, gizarte zerbitzuak monopolizatzen dituzte, ez dute ez ikasketarik ez trebakuntzarik,beren dendek ez dituzte ikuskaritzarik pasatzen, lana kentzen digute... eta niri larriena iruditzen zaidana: ez dute integratu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.