Liskarrak lehertu dira Kenyan presidentetzarako bozen emaitzen atzerapena dela eta

Odingak eta Kibakik beren buruak irabazletzat aldarrikatu dituzte; gaurko espero dituzte emaitzak

arantxa elizegi egilegor
2007ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ostiralerako egongo zirela esan zuten lehenik, atzo jakinaraziko zituztela ondoren, eta emaitzak gaur emango dituztela, azkenik. Jarduneko presidente Mwau Kibakiren eta oposizioko buru Raila Odingaren jarraitzaileei, ordea, pazientzia amaitu zitzaien atzo, eta liskarrak lehertu ziren batzuen eta besteen artean.

Kibakiren PNU Batasun Nazionaleko Alderdiko 3.000 bat jarraitzaile Nairobiko Zientzien Unibertsitatera sartu ziren, Hauteskunde Batzordearen lana oztopatzen ari ziren oposizioko jarraitzaileak indarrez ateratzeko. Odingaren ODM Mugimendu Demokratiko Laranjak salatu du Hauteskunde Batzordea iruzur egiten ari dela, Kibakik galdu duela ezkutatzeko. «Kibakik badaki galdu duela, baina ez du porrota onartu nahi. Batzordeak jarduneko presidentea izendatzen badu garaile, ondorioak lazgarriak izan daitezke», ohartarazi du ODMko buruetako bat den Nijab Balala.

Izan ere, alde handia dago ODMren datuen eta Hauteskunde Batzordearen behin-behineko emaitzen arabera. Oposizioko alderdiaren esanetan, Odingak 4,21 milioi boto jaso ditu; eta Kibakik 3,74 milioi. Aldiz, lerro hauek idazteko unean iturri ofizialek emandako informazioaren arabera, 3,88 milioi boto eskuratu ditu Odingak; eta 3,84 milioi Kibakik.



BI GARAILE. Bi buruzagiek aldarrikatu dute garaipena, eta horrek Hauteskunde Batzordearen haserrea eragin du. «Garailea aldarrikatzeko eskumena Batzordeak bakarrik du», ohartarazi du erakundeko buruzagi Samuel Kivuituk. Oposizioak, ordea, leporatu dio hainbat salaketa kontuan ez hartzea. Zenbait barrutitan, esaterako, parte-hartzea erroldan jasotako jende kopurua baino altuagoa izan da.

Analista politikoek, bestalde, ohartarazi dute bi hautagaien arteko aldea txikia bada, salaketak ugaritu eta borrokak okertu daitezkeela. Jeremiah Ngilu begiralearen esanetan, liskarrak alderdien artekoak baino gehiago, etnien artekoak dira.

Mombasan, Kenyako kostaldeko hiri nagusian, luo eta kikuyu etnietako manifestariek merkataritza guneei eraso diete, eta hainbat etxetan sartu dira. Odingak gehiengoa duen Nairobiko Kibera auzunean, berriz, ehunka lagun irten dira kalera haren garaipena ospatzera. «Railarik gabe Kenyarik ez», oihukatzen zuten. Han ere izan da liskarrik. Hamisi Noor 22 urteko gazte batek Kibakiren etniakoak diren kikuyuei leporatu die etxeari su eman izana.

Nairobi hirigunean, Kibakiren jarraitzaileak dira nagusi kaleetan. Zenbait iturriren arabera, Poliziak haietako bi hil zituzten tiroz. Gobernuak, ordea, ez du albistea berretsi. Manifestariek hiriburuko kale nagusia ere itxi dute. «Etxeak lapurtzen eta autoak suntsitzen ari dira», salatu du lekuko batek. «Jendea haserre dago hauteskundeen emaitzak oraindik eman ez dituztelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.