Literatura. 'ARGIAREN ERREINUA'

Orojakilearen pribilegioak

Bixente Serrano Izko.
2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Egilea: Joseba Lozano.

Argitaletxea: Alberdania.

Sariak merezitako ipuingintzatik eleberrigintzara egin du jauzi Joseba Lozanok gaurko narrazio honekin. Generoko nobelagintzara, hain garbi ez egon arren zein generotara. Bi zati baitu nobelak eta zati bakoitzak genero baten kanonei jarraitu. Polizia-intrigazkoei lehenak, misterio esoterikoetakoei bigarrenak. Bien arteko loturak, bi motakoak: protagonistenak batetik, eta intrigaren kartak mahai gainean jarri ondoren korapiloaren askaerak mundu esoteriko batera egiten duelako salto bertzetik.

Lehen zatia intriga hutsezkoa da. Bi hari nagusi lotzen dira narrazioaren bilbean: ikerketa polizial profesionalaren errutina protokolozkoa, ezer aurkitzeko gai ez dena, versus krimen ilunen ikerketetan zaleturiko internauta lagun talde baten intuizioa, arrastoen gainean jartzen gaituena, horren kontraste dugu hari bat; bertzea, ikerketa polizialaren arduraduna, profesional ona, omen, baina bere arazo pertsonalak dituena, maitemintzen dela internauten taldeko neska informatzailearekin, beronek ere bere arazo pertsonalak dituelarik: bien arteko harreman berezietan zentratuko da narratzailea, betiere ikerketaren inguruko informazio-trukearen harira. Garapen eta erritmo geldoko zatia.

Bigarrenean biziki azkartuko da gertaeren erritmoa, lausotu eginen da polizia arduradunaren protagonismoa, neskarenak mantendu eta bertze bat pasatuko da neskaren parera, internautetako bertze ikertzaile bat, alegia. Errana doan bezala intrigazko kartak nobelaren erdialdean mahai gainean behin jarriz gero, bertze bide batetik jorratu behar misterioa eta irakurlearen suspensea. Hortaz, mundu esoteriko baten giroan, sekta bat, sinesmenak, erritoak eta hauetarako uniformeak, bilera sekretuak, kripta, soto eta estoldetako bilguneak…, hori guzti hori ezagutzeko ibileretan sortuko diren abenturak ditugu suspensearen euskarri.

Narratzaile orojakileak erabakitzen du zer informazioa eta noiz eman irakurleari, kontakizun osoan. Zer eta noiz, hala deskripzioak eta informazio osagarriak ematerakoan nola pertsonaien elkarrizketa edo gogoetak zuzen garatzerakoan. Narratzaile orojakile guztien pribilegioa, zer erranik ez. Kontua da pribilegioa bere neurrian kudeatu behar dela. Eta irakurle honen irudikoz, abantaila horretaz abusatzen duela egileak. Argumenturako beharrezkoak ez diren digresio historiko eta taxu turistikoko batzuk, luzeegiak bertze batzuk, paragrafo narratiboetan; ekintza zuzen gisa planteatzeko moduko hainbat gertaera bere azalpen hotz bihurtu du narratzaileak; elkarrizketa eta gogoeta esplizituegiak jarri ditu pertsonaien aho eta buruetan, bai krimenen zantzuak ikertzerakoan, bai gaizkileen motibazio esoterikoak argitzerakoan. Ez du lortzen, nobelak, atmosfera bat sortzea; gehienez jota, bigarren zatian, baina osagai sinpleegiekin, ohikoegiekin: aipatu ilunpetako agertoki horiekin alegia. Ez digu keinu batere egiten irakurleoi nolabaiteko konplizitate bila, serioegi jokatzen du egileak —edo nik neuk, agian, berari hau leporatzean—, propio sinesgaitzak diren horrelako abenturetan gure jolas-konplizitatea lortzeko.

Halaz ere, badu suspenserik eleberriak, genero literatur zaleak asetzeko adina. Suspense sotilagoa lehen zatian, testuen hermeneutikan oinarriturik; arruntagoa bigarrenean: abenturen segidan sortzen den suspensea alegia, argumentu barneko logikan ez datzana, baina bai irakurlea bere buruari galdezka ibil daitekeelako ea zer bururatuko zaion egileari pertsonaiak ataka honetatik ateratzeko, hurrengo batetik gero, eta berriro ere datorren hurrengo horretatik…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.