Oihana Elduaien Uranga.
Herrira-ren kontrako polizia operazioa. Analisia

Mugimendua kartzelara

2013ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Hamazortzi lagun atxilotu. Aldi bereko kolpea eman, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldetan botere erakustaldia egin. Egun osoko miaketa ikusgarriak egin. Herritarrak haserretu. Herritarrak kolpatu. Egoitzak itxi. Jarduerak debekatu. Kontu korronteak blokeatu. Hamazortzi lagunak eraman. Euskal Herrian Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta Guardia Zibilaren eskutik ezagutzen ez zen atxiloketa mota praktikatu, atxilotuei tratu zuzena emanez, elkarrekin egotea baimenduz, eta beraien abokatuekin egotea ahalbidetuz. Epailearen aurrera eraman. Eta libre utzi (kartzelatik, eguneroko bizitzarako mugak jarrita).

Zertarako? Gero eta indartsuago zetorren preso eta errefuxiatuen aldeko mugimendua geldiarazteko. Mugimendua akuilurik gabe uzteko. Formarik gabe. Gunerik gabe. Egiturarik gabe. 18 lagunoi presoekin zerikusia duen ezertan parte hartzeko eskubidea kenduta —espetxearen mehatxuarekin—, eta Herrira-ren jarduerak bi urterako debekatuta, mugimendua bera geldiarazteko intentzioz. Trabak jartzeko. Mugak. Hesiak.

Bide batez, gatazkaren ondorioen korapilo sentiberenetakoa konpontzeko etor daitezkeen gertaeren aurrean —izan Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegiak Parot Doktrinaren inguruan laster emango duen behin betiko epaia, edo izan aldebakarretik etor daitezkeen mugimenduak—posizioari eusteko. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esanda bezala, presoak giltzapean mantentzeko «ingeniaritza juridikoa» egiteko prest daudela esateko. Ezer ez dela aldatu sentiarazteko. Ezer aldatzerik ez dutela nahi erakusteko.

Mugimendua irristakorra da ordea, labaina. Eta aldatu egiten da, mugitu. Haizea da, ura, itsasoa. Astelehenean sortutako eta atzo baretutako haserrea tanta bihurtzea izango du helburu orain, preso sartzerik ez dagoen mugimenduak, Herrira-k egin nahi zuen itsasoa eratu nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.