Palestina. Presoak eta errefuxiatuak (III)

Giltza bat eta sarrailarik ez

1948ko okupazioan kanporatutako palestinarren heren bat errefuxiatu gune prekarioetan bizi da oraindik. Euren auzia argitu ezean, ez dute uste konponbide politikorik iritsiko denik.

Aidako errefuxiatu guneko bi haur, etxe atarian jolasean. SAMARA VELTE.
Samara Velte.
Betleem
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Itzuliko gara», dio Aida errefuxiatu guneko horma batek; alboan, hogeiren bat herri palestinar daude zerrendatuta. Aidako gazteek egindako pintaketak dira. Errefuxiatu gunean jaiotako bigarren edo hirugarren belaunaldia dira dagoeneko; haietako askoren aitona-amonak 1948ko okupazioan egotzi zituzten horman agertzen diren herrietatik. Asko ez dira urrutikoak; kasu batzuetan, errefuxiatu gunetik bertatik ikus dezakete euren etxea zegoen herria, baina ez daukate hura erreklamatzeko eskubiderik.

Betleem turistikoaren itzalpean dago Aida, hiriaren ipar-ekialdeko ertzean. Garai batean olibondo sail batek egiten zion muga; orain, zortzi metroko «segurtasun» harresiak dauka inguratuta. Berrehun metro koadro eskaseko eremuan 3.000 pertsona baino gehiago bizi dira. Dendarik ez dago ia, eta zerbitzuak ere, gutxi: eskola bat, osasun etxe txiki bat eta gainerako gizarte zerbitzuetarako balio behar duen kultur etxe bat. Eraikin nagusien gainean, NBE Nazio Batuen Erakundearen bandera urdina.

Egoera antzekoa da beste errefuxiatu guneetan ere. «Denak 1948ko Nakba-ren ondorio dira», azaldu du Fayez Arafatek. Nablus inguruko Balata errefuxiatu gunean bizi da, baina haren familiak Jafan du jatorria; orain, Balatako kultur etxea zuzentzen du. Nakba 1948ko okupazioa da, «hondamendia», palestinarrentzat: urte horretan konkistatu zuen Israelek Palestina historikoaren %80 inguru, 500 herri inguru suntsituz. Haietan bizi ziren 800.000 palestinarrek ihes egin behar izan zuten, edo zuzenean kanporatu zituzten. Gaur egun, bost milioi inguru dira. Hirutik bat errefuxiatu guneren batean bizi da; gainontzekoak, hirietan edo atzerrian, baina iheslari estatusa dute.

Denera, palestinarrentzako 59 errefuxiatu gune daude Ekialde Hurbilean; Palestina historikoan ez ezik, Sirian, Libanon eta Egipton daude gehienak. «Kanpaleku» deitzen diete, baina gehiago dira auzo inprobisatuak, herritarren oinarrizko beharren arabera forma hartuz joan direnak. «Okupazioko lehenengo urteetan ahal zuten moduan bizi ziren: kanpadendetan, eskoletan, eraikin publikoetan...», ekarri du gogora Arafatek. 1950eko hamarkadaren erdialdera, NBEren UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak hartu zuen bere gain errefuxiatuen ardura. Kanpalekuak auzo bihurtu ziren: hasieran, familia bakoitzari gela bat eman zioten; gero, etxebizitza bat. «Jendeak ez zuen uste luzerako izango zenik; fedea geneukan nazioartearengan. Orain, 65 urte igaro dira, eta zain jarraitzen dugu».

Jabetzeko aukerarik ez

Balata 1952an eraiki zuten; orduan, 5.000 lagun inguru bizi ziren kilometro eta erdi koadro batean. Gaur egun, eremu berean 28.000 pertsona inguru bizi dira. Kanpalekuko oinarrizko zerbitzuak UNRWAren esku daude: hiru eskola dituzte —batez beste, 50 haur gelako—, eta ospitaletxo bat. 28.000 laguntzentzako, zirujau bat, dentista bat eta lauzpabost gizarte langile. Errefuxiatuek ez dute alokairurik ordaintzen, eta zergez ere nazioarteko agentzia arduratzen da.

Kanpalekuko biztanleek mende erdia daramate unean uneko konponketekin prekarioki bizirik irauten. Baina haien beharrak ere aldatu dira, eta uralitazko teilatu bat, eskola beteegi bat eta medikurik gabeko osasun etxe bat ez dira inorentzako aski. Lehenengo belaunaldiko errefuxiatuek eskulanetan jarduten zuten nagusiki; etxea eta ondasunak urrun utzita, langabeziatik hasi behar izan baitzuten kanpalekuetan. Haien seme-alaben belaunalditik aurrera, ordea, gehiagok izan dute hezkuntzarako sarbidea, eta asko unibertsitatera ere heldu dira. Baina ez da nahikoa: zerbitzu gehienak oinarrizkoegiak dira errefuxiatuen jabetzea eta autonomia sustatzeko. Beti ezinean eta beti kanpoko laguntzen menpe irautera behartzen dituzte.

Hutsune horiek betetzeko sortu zituzten errefuxiatu guneetako kultur etxeak; hasieran, inolako estrategiarik gabe: «Jendearen uneko beharrei aurre egitea zen helburua, eta horren arabera moldatzen genuen gure programa». Errefuxiatuen gaineko ardura nazioarteko erakundeetatik bertako administraziora pasatzea da helburua, edozein prozesu politikotan ez daitezen haiekin ahaztu.

Belaunaldi berrien haserrea

«Zaharrak hilko dira, eta gazteek ahaztu egingo dute», esan ei zuen behin David Ben Gurion Israelgo lehenengo gobernuburuak, errefuxiatuei buruz ari zela. Luzatzen ari da egoera, baina belaunaldi berriak ez daude prest bizimodu prekarioa betikotzen uzteko. Etxea badute, eta eguna igarotzeko jardueraren bat ere bai, baina askoz gehiago ez. Aida guneko bizitza osoa bi kaletan gertatzen da: etxea, ataria eta harresia, ez dago besterik bertako gazteentzat. «Espazioa, argia eta pribatutasuna errefuxiatu gune guztietan falta dira. Jendea hiltzen denean, gorpuak teilatuetatik atera behar izaten dituzte, kaleak estuegiak direlako», azaldu du Majdi Xella errefuxiatuak. «5,5 milioi lagun bizi dira horrela, eta ahaztu egingo dutela espero dute».

Gazteek jatorriaren arabera eraikitzen dute identitatea. Urteen poderioz, errefuxiatuen kultura bat sortu dute iheslari palestinarrek: «Etxe guztietan daude oinarrizko gauzak: gasa, garbigailua, ordenagailua... Baina kanpaleku bati eraso egiten diotenean, bi dira batez ere salbatu beharreko elementuak: errefuxiatu agiriak eta utzi behar izan genuen etxeko giltza. Beste guztia galduta, bizirik iraungo dugu; baina giltza eta agiriak galduz gero, gu gaude galduta».

Hain zuzen ere, errefuxiatu guneak izaten dira Palestinako auzo istilutsuenak; intifadetan eta protesta garaietan, haietatik heldu ohi dira irudi lazgarrienak. Sarraski handienak ere bertan gertatzen dira: urtarrilean soilik, indar armatuek hamabi gazte zauritu zituzten tiroz Aidan. «Kanpalekuetako erresistentziaren parte dira istiluak», azaldu du Salah Ajarma errefuxiatuak. Palestinar gehienentzat, ez da egongo konponbide politikorik iheslarien auzia argitu ezean; harriak jaurtitzea izan daiteke negoziatzen ari direnen arreta erakartzeko modu bat, edo besterik gabe, haien utzikeriak eragindako frustrazioa askatzekoa.

BIHAR: Kulturgintza lurralde okupatuetan (IV).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.