Zinema. Estreinaldiak

Errealismo magiko harrigarria

Benh Zeitlinen aurreneko film luzea da 'Beasts of the Southern Wild' eta kritika ezin hobeak jaso ditu

Ipuin fantastikoa da Beasts of the Southern Wild. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2013ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Dudarik gabe, Beasts of the Southern Wild iazko sorpresarik handienetakoa izan da. Beth Zeitlinen lehen film luzeak harridura eragin du zinemaldi askotan, eta iazko film onenen zerrenda askotan agertu da.

Ez da batere marka makala estraineko lan honek lortu duena. Bere ibilbide arrakastatsua Sundanceko zinemaldian hasi zuen, pelikula onenaren saria eskuratu baitzuen. Hori gutxi izango balitz bezala, filmerako azken bultzada Hollywoodeko akademiak eman zion Oscar sarietarako pelikula onenerako izendapenarekin. Horrez gain, beste hiru izendapen lortu ditu film independente honek.

Ipuin fantastikoa da Beasts of the Southern Wild. Eremu misteriotsu eta zehazgabe batean komunitate txiki bat bizi da, urak etengabe mehatxatzen ditu, eta ekaitza dagoen bakoitzean hondamendia gertatzen da haien lurretan. Baina ez dute handik aldegin nahi, zoriontsu bizi dira eta haien bizimoduarekin harro agertzen dira.

Errealismo magikoa da Benh Zeitlin zuzendariak lortu duena pelikula honetan. Bere lagun Lucy Alibar lan batean oinarritu zen, eta bien artean ondu zuten gidoia. Zeitlin Loussianako hegoaldeko lurraldeak ezagutu zituen orain dela urte batzuk, eta, orduz geroztik, han bizi da. Lur horiek eta hango pertsonaiak izan dira pelikulan agertzen direnen inspirazio iturri nagusia.

Sei urte ditu Hushpuppyk, eta Mississipi bazterrean bizi da Wink aitarekin; mundutik ia bakartuak bizi dira. Ekaitz handi bat gerturatzen ari da, eta haurrak beldurrari aurre egiteko duen modurik onena alegiazko animalia batzuk imajinatzea da.

'BEASTS OF THE SOUTHERN WILD'

Zuzendaria: Benh Zeitlin.

Aktoreak: Quvenzhane Wallis, Dwight Henry, Levy Easterly, Lowell Landes, Pamela Harper, Gina Montana, Nicholas Clark.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 91 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.