Bai kantitatean eta baita kalitatean ere, Daft Punk nabarmendu zen herenegun gauean 56. Grammy sarien banaketan. Izan ere, guztira bost jaso zituen Guy-Manuel de Homem-Christok eta Thomas Bangalterrek osatzen duten bikote elektronikoak; horien artean, urteko disko eta grabaketa onenarenak, Random Access Memories eta Get Lucky-rengatik, hurrenez hurren. Musika elektronikoko lan onenaren, zuzeneko pop emanaldi onenaren eta ingeniaritza onenaren urre koloreko gramofonoak ere eman zizkieten.
Frantziarrak sariak jasotzera igo ziren Los Angelesko (Kalifornia, AEB) Staples Center antzokiko agertokira, baina kaskoak ez zituzten kendu burutik, eta, ohi bezala, hitz bat bera ere ez zuten egin. Haien ordez Pharrel Williams mintzatu zen: «Benetan pentsatzen dut Frantziak mutil hauetaz harro egon beharko lukeela». Get Lucky abestian parte hartu zuen kantariak Nile Rodgers musikari eta ekoizlearekin batera, eta laurek elkarrekin jaso zuten grabaketa onenari zegokion gramofonoa. Ia hogei urteko ibilbidean, estudioko lau disko besterik ez du kaleratu Daft Punkek.
Rap musikaren arloan, Macklemore & Ryan Lewis bikote estatubatuarrak lau Grammy eskuratu zituen: disko onenarena (The Heist), artista berriarena, abesti onenarena (Thrift Shop) eta zuzeneko emanaldi onenarena. Paul McCartney eta Ringo Starrek zuzenean jo zuten Queenie Eye abestia, eta Lou Reed ere omendu zuten galan.
Daft Punk bikote elektronikoari bost sari eman dizkiote Grammyetan
Frantziarrek urteko disko onenaren saria irabazi dute 'Random Access Memories' lanarengatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu