Hilberria. Mixel Lekuona

Bertsolaritzaren sustatzailea

Juan Luis Zabala
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Aspaldidanik zuen gaitzak menderaturik, eta atzo arratsaldean hil zen Mixel Lekuona apaiz eta artzaina, bertsolaritzaren sustatzaile porrokatua, Kanboko (Lapurdi) Arditegia apaizen egoitzan. 1930ean jaioa zen, Biriatuko (Lapurdi) Agerre Bordan, eta 1954an apaiztu zen. Nahiz eta apaiz egin, baserriarekin eta nekazari munduarekin oso lotura estua izan zuen beti, eta Hazparneko (Lapurdi) Laborantza Eskolan kontularitzaz eta diruzaintzaz arduratzen hasi zen. Ordutik aurrera lan asko egin zuen artzainen eta laborarien alde, Berria kooperatiban besteak beste.

Artzain eta laborarien alde ez ezik, bertsolarien eta bertsolaritzaren alde ere lan asko egin zuen, Bertsularien Lagunak elkartearen bitartez bereziki. Elkarte horren bultzatzaile nagusietako bat izen urte askoan.

Duela bost urte, 2008an, Mixel Lekuonaren biografia eta haren omenezko testuak biltzen dituen liburua argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, Lur bilduman, Joxemari Iriondok idatzi eta apailatua, Mixel Lekuona, artzainen artzain izenburuarekin. Sabin Intxaurraga, Iñaki Murua, Pello Esnal, Imanol Lazkano eta Xabier Euzkitzek idatzi zuten liburu hartan Mixel Lekuonari buruz, Joxemari Iriondok hala eskatuta.

Urte bereko Artzain Egunean omenaldia egin zioten Lekuonari, Legazpin (Gipuzkoa), baina ez zuen hitzordura agertzerik izan, ordurako aski makalduta zegoelako. Horregatik, ahaideak joan ziren haren ordez.

«Bere eliztarrekikoak egiten zituen», idatzi zuen Joxemari Iriondok Mixel Lekuona, artzainen artzainliburuan, «eta gero inguruko herri eta auzoetako gizarte-bizitzaz guztiz arduratuta ibili ohi zen, gazteriarentzat lana, abelgintza, artzaintza, laborantza, bertsolaritza, euskalgintza eta gaztetxoen hezkuntza buru-bihotzetan zituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.