Bertsolari Txapelketa Nagusia

Eutsiz, behetik gora eta behetik gora eta behera

Jon Martinek irabazi du lehenengo kanporaketa, Villabonan, Alaia Martinek baino puntu bat gehiago eskuratuta

Beñat Zamalloa Akizu.
Villabona
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ariketaz ariketa eutsi zion Jon Martinek hasieran ezarritako mailari, eta, hala, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen kanporaketa irabazi zuen igandean, Villabonan. Lehen bertsoan eman zuen bere estilo poetikotik lehen zertzelada. Nerea Elustondorekin osatu beharreko ofizioan, soldatak jaistea ala langileak kaleratzeaerabaki behar zuten enpresa bateko langileak ziren. Elustondo lehen bertsoan soldata jaistearen alde agertu eta gero, «Zurekin ados egongo nintzen / baldin eta ez baneki / erdi ittoan dabilen hura / itto egiten dela beti», erantzun zion Martinek. Kartzelan jo zuen berriz ere goia. Lehen finalaurrekoan kantatuko du.

Behetik gora egin zuen Alaia Martinek: gaiak ihes egin zion Odei Barrosorekin kantatutako zortziko handian, baina handik aurrera gorantz egin zuen. Jon Zalduak lehen puntua emandako ariketako lehen bertsoan errimarekin estutu zuenean bere onenetik atera zuen. «Sukaldaritza dugu / aspaldian modan», jarri zion Zalduak, eta «baina nik ez dut jartzen / askotan aproban. / Tortilla irteten zait / saltxitxaren forman. / Saio on bat sukaldatu / nahi dut Villabonan», bota zuen Alaia Martinek. Datozen saioak goitik ez badoaz, aurrera egingo du.

Elustondok ideiak akats handirik gabe azaldu zituen saioaren gehienean, eta ideietan zer edo zer apalagotik, baina mailari eutsi zion saio osoan. Lehen puntua emandakoan ez zuten horrenbeste estutu gaiari eta errimari dagokienez, eta aukera baliatu zuen gora egiteko.

Barrosok ere behetik gorako bidea egin zuen, baina Alaia Martini baino gehiago kostatu zitzaion goranzko bidean jartzea. Bere neurriko txikietan atera zuen onenetik: hamarreko txikian eta kartzelan, berak aukeratuta, poto egin arren. Elustondorekin herentzian jasotako amonaren bitxiekin zer egin erabaki behar izan zuen, hamarreko txikian. Saltzearen alde zuen jarrera gaitik Barrosok. Honela bukatu zuen lehen bertsoa: «Aspaldian etxean / miserian gara / saldu nahiko nituzke / bitxi hoiek, hara / urrea alperrik da / ogirik ez bada».

Fredi Paiak eta Iker Zubeldiak zortziko handian ohiko gaiari euren estiloan garapen berezia eman zioten. Lehen ariketatik aurrera, berriz, gorabeheratsuago jardun ziren; kartzelan, batez ere. Zubeldiak bi poto ere egin zituen bidean.

Olaederra kiroldegian bero handia pasatu zuten 970 entzuleek, eta Zubeldiak beretik atera zuenikasgaia: «Hala ere zerbait ikasi degu / sanmigel asteburuan / oilasko batek ze sentitzen dun /mikroondasan barruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.