Barreak, hotzikarak eta asperdura Berlinaleko bosgarren egunean

Jaialdiko txalo zaparrada beroena jaso du Hans Petter Molanden western giroko 'Kraftidioten' pelikulak

Agentziak
Berlin
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Amaitu zen Kraftidioten (In Order of Disappearence) pelikularen emanaldia, eta Berlingo Palast aretoan bildutakoek txalo zaparrada beroa eskaini zioten Hans Petter Molanden azkeneko lanari. Berlinaleren 64. aldiko Sail Ofizialaren barruan eman zuten atzo, eta ikus-entzuleek gustura barre egin zuten Eskandinavian girotutako western ukituko filmarekin.Tui Na (BlindMassage) txinatarrak hotzikarak eragin zituen, eta Alain Resnais 91 urteko zinemagile laudatuaren Aimer, boire et chanter-ek asperdura, beste ezeren gainetik. Ez dirudi, ez, Ye Louren eta zuzendari frantziarraren filmak Urrezko Hartza irabazteko hautagai sendoak direnik.

Molandenak, berriz, zinemazaleak asebete zituen. Elurra kentzeko makina batzuen arduradun eredugarria da gizon bat —Stellan Skarsgard—, baina goizetik gauera zeharo aldatuko du bere jarrera. Haren semea hilko dute, eta hori mendekatu beharra dauka. Zeregin horretan herriko gangsterrarekin eta serbiarrez osatutako talde baten buruararekin —Bruno Ganz— egingo du topo. Istorioak bestelako kontakizun bat osatzeko osagaiak dauzka, baina zinemagile norvegiarrak bere herrialde propioaz trufatzeko baliatu du, adibidez, Coen anaien eta Quentin Tarantinoren lanei keinu nabarmenak eginez disimulurik gabe. Filmatzen ari zirela pasatu zuten hotza nabarmendu zuen, atzo, prentsaurrekoan, Skarsgardek.

Tui Na-ren proposamena bestelakoa da. Masaje egoitza baten bueltan eraiki du istorioa zuzendariak. Baina badu bitxikeria bat toki horrek: bai jabea eta bai langileak ere itsuak edo erdi itsuak dira. «Saiatu naiz zinemara eramaten maitemindutako itsu baten etsipena, bere buruari edertasuna zer ote den galdetzen dionean», esan zuen Lou Yek prentsaren aurrean. Hori adierazteko, batzuetan poetikoki eta besteetan modu esperimentalean jokatu du. Pelikulako lehen eszenan emakumezko bat ageri da zain jugularra urratzen, betirako itsu geratuko dela jakin ondoren. Txinako zinemaren aldeko apustua egin du aurten Dieter Kosslick Berlinaleko zuzendariak, eta oraindik ere hango beste bi pelikula emango dituzte Sail Ofizialaren barruan

Resnais Mon oncle d'Amérique (1980) eta Smoking/No Smoking-en (1993) egileak, besteak beste, antzezlan bat eraman du pantailara, eta horretarako hiru senar-emazte heldu kokatu ditu planoaren erdian. Beste pertsona batek, zazpigarrenak, behinola hiru emakumezkoak gorteiatu zituen gizonezkoak, batuko ditu bikoteak. Komedia bat da Resnaisena, baina filmatutako antzerkia izateak lanari mesede gutxi egiten diola adierazi dute adituek.

Aldaketak Cannesen

Cannesko jaialdia maiatzaren 14tik 25era egingo da, baina sari banaketa azken egunean egin beharrean, 24ra egingo dute, 25an Europako Parlamenturako hauteskundeak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.