Venezuela. Sozialismo bolivartarraren erronkak

Herriaren «oparia» Chavezentzat

PSUV erabat gailendu da, 23 estatutatik hogei bereganatuta; Capriles oposizioaren buruak Mirandari eutsi dio

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Euforia alde batean, atsekabea bestean; Hugo Chavezen aldekoen erabateko garaipenak ez baitu erdibideko erreakzioetarako tarterik utzi. PSUV bolivartarren aliantzak duela lau urte irabazitako estatu bat bera ere ez du galdu, eta gainera, oposizioaren esku zeuden Zulia, Carabobo, Nueva Esparta eta Tachira bereganatu ditu. Miranda, Lara eta Amazonasgeratu dira soilik oposizioaren esku —Amazonas estatuan ez dira hauteskundeak egin—: Venezuelako 23 estatuetatik hogei gorriak dira, aldeko agertokiak Chavezen proiektua aurrera eraman ahal izateko.

Parte hartzea, %53,94, ofizialisten alde jarri da, hainbat estatutan 60 puntu portzentualen aldea ateratzeraino MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiari —presidentetzarako hauteskundeetan MUDen alde egindako asko etxean geratu dira—. Oposizioa bere onetik aterata dago, bee ustez emaitzak sinesgaitzak dira eta: aktak «banan-banan» begiratuko dituzte, emaitzak onartu aurretik.

Hugo Chavezen gaixotasunaren ondorioz Venezuelarentzat etorkizun zaila iragarri zuen joan den astean Nicolas Maduro presidenteordeak, eta halaxe izango da, baina orain, gaixotasunaren iragarpena bera alde jarri zaio mugimendu bolivartarrari. Kuban egonda ere, operazio gogorrari aurre egiten, hauteskundeetan izan da. Hamalau urtean lehen aldiz ez da kanpainako agertokietako protagonista izan; ordea, venezuelarren gogoan inoiz baino gehiago izan da botoa erabakitzeko unean. Madurok herritarrei eskatu zien «ez huts egiteko», eta behar bezala erantzun dute: «Gaur [herenegun] herriak egia saritu du, iraunkortasuna; are gehiago herriaren maitasunezko oparia izan da Chavezentzat, ez dio huts egin».

«Historikoa», «erraldoia» da lorpena, presidenteordearen ustez, eta haietatik eratortzen den irakurketa garrantzitsuena hauxe iruditzen zaio: «Herriak aberriaren programa nahi du». Horrela erantzun dio hauteskundeen biharamunean, atzo, oposizioaren mehatxuari. Caracasko oposizioaren komunikabide nagusiek Komunen gaia atera zuten atzo, haien ustez gobernu zentralaren botereari eusteko tresna garatzeko agertoki egokiena geratu dela-eta kexuka. Ramon Guillermo Aveledo MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiko idazkari nagusiak ere alarma piztudu, Komunen garapenaren inguruan: «Oposizioak gogoeta sakona egin behar du, herritarrengana iristeko gaitasunik ezaren inguruan. Herritarrei azaldu behar diegu Komunak ez direla onak, estatuetako autonomiarekin apurtzen duela».

Tachira eta Zulia

Oposizioak lan handia dauka herritarrek konbentzitzen, ofizialistek oso zailak ziren eremuak ere bereganatu baitituzte. Tachiran eta Zulian gertatutakoa, esaterako, garaipen horren arrakastaren erakusgarri dira: Tachiran Chavezek ez zuen irabaztea lortu, joan den urriko presidentetzarako hauteskundeetan.

Petrolioaren estatu Zulia, berriz, oposizioaren gotorlekua izan da hamabi urtean. Hori gutxi balitz bezala, handik Pablo Perez gobernadorea botatzea lortu dute, oposizioaren gizon sendoenetako bat. Henrique Caprilesekin lehiatu zen MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia oposizioko aliantzaren hautagaitza eskuratzeko primarioetan, joan den otsailean, eta haiek galduta ere, Caprilesen lehiakide sendotzat jotzen zuten oraindik.

Zulia galtzeak eman dio beharbada min handiena oposizioari. Aveledo han ustez gertatutakoaz mintzatu da bereziki: «Iruzurra egin dute baliabide publikoak erabili dituztelako Arias Cardenas jartzeko Zuliako gobernuburu».

Oro har, gobernuaren aldeko aliantzak izan duen abantaila kritikatu du MUDeko idazkari nagusiak: «Nabarmena izan da oposizioaren desabantaila lehiatzeko. ofizialismoaren baliabideen superhabita. Eskandalagarria izan da gobernuaren baliabide erabilera, zer esanik ezpresidentearen gaixotasunaren erabilera».

Oposizioko hautagaia, bizirik

Herrique Caprilesek, berriz, bizirik irautea lortu du,Mirandan nagusitu ondoren.Estatu hori izan da Chavezen aldekoen arantza eta oposizioaren arnasa. Miranda oposizioarena izan da lau urtean, Henrique Caprilesen gidaritzapean, eta chavistek arerio indartsua jarri zuten han: Elias Jaua, presidenteorde izandakoa Madurok ordezkatu zuen arte. Jauarentzat «apenas izan den oztopo bat iraultza bolivartarren bataila luzean». Caprilesek botoen %52,02 eskuratu ditu, eta Jauak %47,62 —botoen %97,9 kontatuta—. Henrique Caprilesek Mirandan berriz ere irabazi izanak bultzada ematen dio oposizioa ordezkatzeko, presidentetzarako hauteskundeak berriz egin beharko balira, Chavezen egoerak okerrera egin, eta kargua bete ezinik geratuko balitz. Chavezek dagoeneko aukeratu du Maduro presidenteordea bera ordezkatzeko, egoera horretara iritsiko balitz.

Caprilesek ibilbide politikoa arriskuan ikusi zuen, baina garaipenari esker, oposizioaren hautagai gisara sendotu egin da.Hala ere, haserre dago, oro har Venezuelan gertatu denarekin, eta bere estatuan gertatu denaz harago, oposizioko hautagai gisara egin ditu adierazpenak: «Ez naiz zoriontsu emaitzengatik, kontrakoa». Presidentearen osasun egoeraren «erabilera» salatu du, eta «minduta» agertu da. «Gure borrokak jarraitu ez ezik, indartu ere egin behar du, botere gehiegikeria garaitzeko egunak iritsi beharko duelako».

Polemika Bolivarren

Oposizioari zail egin zaio porrota onartzea, baina gobernadore batzuek okerrago eraman dute ofizialisten garaipena. Bolivarko gobernadoregaiak, Andres Velasquezek, uko egin zion atzo emaitzak onartzeari, eta salatu zuen «bahiketa antzeko bat bozkalekuetan».Telefonoz egindako elkarrizketa batean —telebistaz eman zuten— hau esan zuen: «Herria alertan jarri nahi dugu, herritar guztiak, eta dei egiten diegu kalera atera daitezen garaipena defendatzera. Fnean, zenbakiak eskuan ditugu, eta horiek bermatzen dute zorroztasunez esatea garaipena lortu genuela».

Hauteskundeen Zentro Nazionalak, ordea, Francisco Rangel Gomezi eman dio garaipena, botoen %43,57rekin —Velasquezek %42,34 eskuratu ditu—.

Datozen egunak emaitzen balorazioa egiteko erabiliko dituzte. Agertokia alde jarri zaio PSUVri, baina Chavezen gaixotasun larriak ataka zailean jarria dauka aliantza. MUD oposizioaren aliantzak, berriz, joan den urriko presidentetzarako hauteskundeetan mugiarazitako jende asko galdu du oraingoan; pitzaduren arriskua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.