Albistea entzun

Handik eta hemendik

Alde bainoago, kontra

Imanol Murua Uria -

2012ko ekainak 17

1959az geroztik jaio denak ez du Baionako alkatetzan Grenet baino ezagutu. 1959tik 1995era izan zen Henri Grenet Herriko Etxeko nagusi, eta, geroztik, Jean semea dago haren lekuan. Hau da: Charles de Gaulle, Georges Pompidou, Valerie Giscard D'Estaing, François Mitterrand, Jacques Chirac, Nicolas Sarkozy eta François Hollande, zazpi estatuburu izan ditu Frantziako Errepublikak Baionan Grenet dinastiak agindu duen bitartean. Gaur alkatetza ez du arriskuan Grenet semeak, baina diputatu kargua, bai.

Michele Alliot-Marie ez da dinastia baten katebegia, baina azkenaldi luzean Ipar Euskal Herriko politikarien artean inork ez du izan Donibane Lohizuneko auzapez ohiak izan duen eragina. Bost aldiz izan da ministro: Gazteria eta Kirol arloan Mitterrand/Balladour kohabitazioaren garaian (1993-1995), Defentsa sailean Chiracekin (2002-2007), eta Barne (2007-2009), Justizia (2009-2010) eta Atzerri ministro (2010-2011) Sarkozyrekin. Eta alderdi gaullistaren buruzagi nagusia ere izan zen hiru urtez (1999-2002), RPR izena zuenean.

Baina inor ez denez betirako, gaur diputatu kargua gal dezakete biek, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle sozialisten mesedetan. Eta barnealdean Frantxua Maitia sozialista Jean Lassalle zentristari gailentzen bazaio gainera, hirutik hiru Hollanderen alderdiarentzat.

Abertzaleen esku dago neurri handi batean. Hiru diputatugai sozialistek abertzaleentzat garrantzitsuak diren gaietan zer iritzi agertu dituzten kontuan hartuta, ez dirudi oso aukera zaila. Hara, adibidez, Alauxek Le Journal du Pays Basque egunkariari bake prozesuari buruz zer erantzun dion: «Frantziak bake prozesuan parte hartzearen alde nago. Era honetako gatazketan beti iristen da mundu guztia mahai baten inguruan esertzeko garaia. Armak utzi dituzten pertsonak ez dira umiliatu behar, ezta biktimak ere. Presoak euren familiengana gerturatzearen alde ere banago, baita Jon Anzaren kasuari buruzko batzorde parlamentarioa eratzearen alde ere. Giza duintasun kontua da». Euskararen ofizialtasunaren eta berezko instituzioaren aldeko hitzak ere irakurri dizkiegu diputatugai sozialistek.

Abertzaleak ez dira fio, ordea, ez behintzat Euskal Herria Bai koalizioa osatzen dutenak, eta boto kontsignarik ez dute eman. Alderdi diziplina, eguneroko ogia Hego Euskal Herrian, ez da agertu ere egiten Ipar Euskal Herriko eta Frantziako hiztegi politikoetan. Alegia: Alauxek, Capdeviellek eta Maitiak alferrik eskainiko dute urrea, Parisen agintean dauden euren alderdikideengandik ikatza besterik ez datorrenean.

Urte batzuk joan dira Mitterrandek euskal departamentuaren aldeko hitza jan zuenetik, baina sozialistekin esperantza izateko arrazoi handirik gabe jarraitzen dute abertzaleek. Handiagoa izan daiteke, ordea, agintean luzetxo iraun dutenei Pariserako bidea trabatzeko gogoa. Alde baino gehiago, kontra bozkatzeko eguna izan daiteke gaurkoa askorentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.