Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Kontuz, Spain

2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Diadako manifestazio erraldoia baino bi egun lehenago editoriala argitaratu zuen The New York Times egunkariak Quebeceko bozetan alderdi subiranistak irabazi zuela eta («Garaipen separatista, baina separaziorik ez», 2012-9-9). Tesi nagusia: sezesioa ez dute helburu. Quebeceko subiranisten estrategia zein den azaltzeko, Kataluniako eta Eskoziako «separatista europarren» adibidea aipatu zuen: «Separatismoaren karta jokatzen dute gobernu federalari ahalik eta eskumen eta diru gehien ateratzeko».Editoriala idatzi eta gutxira Bartzelonako manifestazioaren, Kataluniako hauteskundeen aurrerapenaren eta Parlamentuak erreferendumari buruz erabakitakoaren berri izan zuenean, ez dakigu NYTko iritzigileari bere tesiaz zalantzarik piztu ote zitzaion. Ingelesez bakarrik irakurtzen badu ere, badu non aukeratu, Kataluniako independentisten apustua noraino irits daitekeen aztertzen saiatzeko.

Kataluniako olatu independentista serio hartzekoa dela esaten diote batzuek. Beste inork baino nabarmenago, Financial Times-ek. Aste honetan Sabino Cuadra Amaiurko diputatuaren argazkia lehen orrira eraman duen egunkari britainiarrak artikulu gehiago ere argitaratu ditu, baina Espainiako erregeari eta gobernuburuari gutxien gustatuko zitzaiena duela hamar eguneko editoriala da (Erregearen hitzaldia, 2012-9-19): gobernuaren egitekoa katalanekin eta euskal herritarrekin akordioak bilatzea dela zioen, eta Raxoik katalanen aldarrikapenak aintzat hartze aldera keinurik egiten ez badu separatismoa geldiezina izango dela, «Erregeak esaten duena gorabehera». USA Today-k gutxitan begiratu ohi du Europara, baina orain begira jarri da («Espainia hondoratzen ari den bitartean, Katalunian askok alde egin nahi dute», 2012-9-28). Beste hedabide batzuek ez bezala, Kataluniaren independentziaren bideragarritasun ekonomikoan sinesten dutenen iritziak ere jaso ditu, Marc Guerrero irakaslearena esaterako: «Kataluniak ez du Espainia behar». The Daily Telegraph-eko Ambrose Evans-Pritchardek zuhurtasuna eskatu die militarren indarrarekin mehatxu egin dutenei («Oso kontuz ibili, Espainia maitea», 2012-9-25), eta Espainiako erregea zein gobernuburua kritikatu ditu, aukera hori espresuki baztertu beharrean isilik geratu direlako. «Gauzak okertzen direnean, benetan okertzen dira. Cuidado. Querida España».

Kataluniako independentistek jai dutela edo, gutxienez, oso zail dutela adierazten duten artikuluak gehiago dira, hala ere. Ingelesez jakingo balute, Financial Times baino askoz ere gusturago irakurriko lukete Raxoik eta Borboikoak The Wall Street Journal. David Romanek arrazoi nagusi bat du Katalunia Eskoziarekin ezin dela alderatu argudiatzeko (Katalunia ez da Eskozia, 2012-0-26): Espainiako Konstituzioa. Eta arrazoi du. Egunkari bereko William Kemble-Diazek zer esan nahi duen, aldiz, ez gaude seguru (Ez gutxietsi Espainiako demokrazia, 2012-9-28):«Gainean duen ekaitz politikoa kudeatzeko Espainiako demokrazia gazteak duen gaitasuna» uste baino handiagoa omen da. Espero baino malguago izango dela esan nahi du, akaso, edo Espainiako Konstituzioa nahi genukeen baino modu eraginkorragoan betearazteko gaitasuna duela, agian. Time aldizkariak ostiralean zekarren analisi mamitsua, gutxi gorabehera Kataluniak jai zuela azaltzeko(Zergatik Kataluniak oraingoz Espainia uzteko aukera gutxi duen, 2012-9-28). Arrazoiak: bideragarritasun ekonomikoa, Europako Batasuna, Espainiako Konstituzioa, nazioartearen aitortza, Masen benetako asmoak. Arrazoinamendua indartzeko, adibide bat: Ibarretxeren galdeketa egitasmoaren amaiera tristea.

Time-ko analisia eskuak igurtziz irakurtzen imajinatzen dugu The New York Times-eko editorialista, bere tesia finkatzen duten arrazoiak bata bestearen atzetik leitzen. Baten batek abisatu beharko lioke, ordea, Ibarretxeren adibideak neurri batean bakarrik balio diola: ederra aldea, Ibarretxerentzat, guretzat eta Espainiarentzat, Masek bezala milioitik gora lagun bultzaka izan balitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.