Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Mandelaren armak

2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
David Cameronek Nelson Mandelaren adorea goraipatu orduko, Margaret Thatcher alderdikideak 1987an zer esan omen zuen gogorarazi diote azkar sare sozialetatik: «Erakunde terrorista tipikoa da ANC. Inork uste badu inoiz Hego Afrikako Gobernua gidatuko duela, ilargian bizi da». Esaldia noiz, non eta zeri erantzunez esan zuen arakatuz gero, azkenean jabetzen zara esaldiaren lehen zatia baino ez zuela esan Thatcherrek, ANCk Hegoafrikako interes britainiarrei mehatxu egin ziela eta. Behin prentsaurrekoa bukatuta, Thatcherren aholkulari batek mikrofonotik kanpo bota zuen, nonbait, ANC agintean imajinatzea erokeria zela.

Thatcherren gobernua apartheid erregimenaren aliatu boteretsuenetakoa zen garaian, David Cameron gaztea joera kontserbadoreko unibertsitaria besterik ez zen. Bestelako gazteak baziren, ordea, britainiarren artean 80ko hamarkada hartan. Haietako batzuek pegatina atera zuten Mandela gaztearen irudi ezagunarekin: «Free Mandela and all ANC prisoners» (Askatu Mandela eta ANCko preso guztiak). Eta Alderdi Kontserbadoreko gazteen erakundeak irudi eta diseinu bereko pegatinarekin erantzun zuen: «Hang Mandela and all ANC terrorists» (Urkatu Mandela eta ANCko terrorista guztiak). Joan den ostiralean, bandera haga erdira jaitsi zuten Downing Streeteko 10. zenbakian, Mandelaren omenez, Cameronen aginduz.

Mundu guztiak du hipokresiarako... barkatu, bilakaerarako eskubidea. Mariano Rajoyk, adibidez, berdintasunaren aldeko borrokaren eredu izan zela esan du. Eta Angela Merkelek, hau bai ona, «indarkeriarik ezaren eredu» izan zela adierazi du, Angela Murillo epaileak Otegiren aurkako epai hartan ireki zuen ildoari jarraiki.

Munduko establishment-eko agintariak Mandela eredu izan dela diotenean ez dira ari, noski, MK erakunde armatuko buru gisa egin zituen hilabeteez, ezta borroka armatua praktikatzeagatik espetxean egin zituen 27 urteetan indarkeriaren erabileraren zilegitasunaren alde eutsi zion diskurtsoari buruz ere. Ez dute gogoan, halaber, askatu berritan emandako hitzaldi historikoan borroka armatuaz esan zuena ere: «Ez daukagu jarraitu beste aukerarik».

Baina 1990a zen, eta Mandela ez zen ari jendeak armak har zitzan eskatzen, bide armatuaren zilegitasuna aldarrikatzen baizik, erresistentziaren batasunari euste aldera, seguruenik. Izan ere, bake-bideak eta adiskidetzea zituen lehentasun ordurako ANCko buruak, eta sakrifizio ez txikiak eskatu zizkion komunitate beltzari, horren izenean. John Carlinen liburuak eta Invictus pelikulak sakrifizio sinbolikoen berri ematen dute—zurien ereserkia ere onartzea, errugbi selekzioa bere egitea...—. Eta Hegoafrikaren argazki sozioekonomikoak ematen du amore emate handienaren berri: kolonialismoaren eta apartheid-aren ondorioz zuriek finkatutako nagusitasun sozioekonomikoa ez ukitzea.

Apartheid politikoak ondaretzat utzitako arrazismo sozioekonomikoa bakean iraultzea ezinezkoa zela kalkulatuta, aldaketa politikoa gerrarik piztu gabe egin ahal izatea lehenetsi zuen. Galtzaile politikoei irabazle ekonomiko izaten jarraitzen utzi zien, bide bakarra zelakoan. Miraria egin du, ez bakarrik trantsizioa gerrarik gabe burutzea lortu zuelako: arrazismoaren aurkako borroka iraultzaileagatik miretsi zutenek eutsi egin diote miresmenari establishment-aren parte bihurtu denean ere; eta terrorista esaten ziotenek goraipatu egin dute bere heriotzan, ez hipokresia hutsagatik, bakearen izenean statu quo sozial eta ekonomikoari eusteko apustua egin zuelako baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.