Imanol Ubeda. Musikaria

«Orain jende guztiak dio pop musika gustuko duela, baina 1998an ez zen erraza»

Bide Ertzean boskoteak 'Don Inorrez' diskoaren bira gaur amaituko du, Donostian, gonbidatu bereziekin. Urte eta erdiz Euskal Herrian, Bartzelonan, Londresen eta Madrilen aritu dira euren lanik soilenarekin.

Edu Lartzanguren.
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Imanol Ubeda (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) Bide Ertzean taldeko kidea da. Don Inorrez diskoko kantekin bira luzea egin ondoren, azken emanaldia egingo dute gaur, 20:00etan, Kursaalean, Donostian.

'Don Inorrez' diskoa plazaratu zenutenean, espero al zenuten halako arrakasta izatea eta inoizko birarik luzeena egitea?

Ez dakit arrakasta eduki ote dugun inoiz. Bira urte eta erdi luzatu da, egia da. Orain arte disko bat argitaratzen genuen, eta, gutxi asko, urtebete ibiltzen ginen jotzen. Don Inorrez-ekin bira ez da horren bizia izan, baina denboran luzatu egin da. Oihartzuna izan duela esan nahi du horrek.

Ohikoak ez dituzuen lekuetan jo duzue, Londresen kasu.

Ederra da zeurea ez den publiko baten aurrean jotzea. Beste grina bat pizten dizu barruan. «Baina zein kristo etorriko da gu entzutera hemen?» galdetzen genion geure buruari Bartzelonan edo Londresen. Ezusteko atsegina hartu dugu. Internetek asko horizontaldu du dena.

Arrakastaren beste zantzu bat da jaso duzuen saria, edo barre egiten diezue zuek halakoei?

Guk ez dugu arrakasta horrela neurtzen. Guretzat, arrakasta kontzertuak eskaintzea da. Euskarazko kantarik hoberenaren saria eman digute Espainian. Hau da, Espainiako elkarte batzuk homologatzen dute zein den euskarazko kanturik hoberena. Inor ez da gauza epaitzeko zein den kanturik hoberena. Sariak eta lehiaketak diskoetxek antolatzen dituzte, eta, egia zor, kontzertu batzuk atera zaizkigu sari horri esker. Baina horrek ez du geure kantua inorena baino hobea egiten. Barregarria da, bat-batean geure burua lehia horretan ikustea. Beste modu batzuk asmatu beharko lirateke musika sustatzeko. Esan egin genien: mesedez, ez deitu kanturik hoberena egin dugula esateko; deitu, kontzertuak emateko.

Udaberrian hurrengo diskoa grabatzera sartuko zarete. Nolakoa dator?

Kantuak baditugu, eta ideia batzuk buruan; baina, argi, ezer ere ez. Eta hori bai da ezberdina. Orain arte, kontzertu sorta bukatu orduko, eduki izan ditugu estudio egun batzuk hartuta eta disko berrirako zirriborroa eginda. Oraingoan, berriz, ez dakigu zer, nola eta noiz. Nora ezean gabiltza, sormenaren aldetik. Arnasa hartuko dugu, eta saio-lekuak esango digu nora jo.

Kantu berrien hitz gehienak zeuk egingo dituzu, aurrekoan bezala?

Bai. Zirriborro dezente ditugu, eta hitz gehienak nireak dira, baina ez dakit hortik zenbat joango den diskora. Oso goiz da oraindik.

Bira Viktoria Eugenian hasi zenuten, eta Kursaalean amaituko duzue. Sinbolismorik ba al du horrek?

Guretzat arrotzak izandako aretoak dira; esaterako, Bilboko Arriaga. Poztekoa da ikustea areto hauetan euskarazko proposamenei gero eta leku gehiago egiten dietela. Ez dugu izango publiko zabala, beste talde batzuek duten bezala, baina hemen gaude, eta programatzaileen begirune hori oso pozik hartzen dugu.

Gonbidatu bereziak izango dituzue gaur.

Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu beti izan dugu oso gertu; geure kantuen zale izan da hasi ginenetik. Orain jende guztiak esaten du pop musika gustuko duela, baina 1998an ez zen erraza. Luxu handia izango da, era berean, Balerdi Balerdiko Toño Muro izatea agertokian. Gu haien kantuak entzuten hasi ginen, haiek izan ziren geure eskola. Bakoitzari berea aitortzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.