Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Preso eta iheslarien eskubideak xede

Sorrera agirian preso eta iheslarien eskubideen alde dagoen ororen bilgune izateko asmoa erakutsi zuen Herrira-k. Aurtengo 1. Nazio Bilgunean asmo horiexek berretsi eta indar metaketan saiatzea adostu zuten.

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Preso eta iheslarien eskubideen alde egiteko asmoz sortu zen Herrira mugimendua 2012ko hasieran. Egin Dezagun Bidea-k antolatuta, urtarrilaren 7an euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egindako manifestazio «kolosalaren» inguruan sortutako mugimendua antolatzeko asmoz. Lau helburu zituen, eta bakar bat ere lortu aurretik eten die bidea Guardia Zibilak. Salbuespen neurriak indargabetzea, euskal presoak Euskal Herrian batzea, iheslariei «prozesu demokratikoan» parte hartzeko aukera irekitzea, eta preso eta iheslari guztiak etxeratzea ziren lau helburuak.

Lau xede horiek zehaztuta, mugimenduaren sortze agirian zehaztasun garrantzitsu bat jarri zuten: ez dutela xede Euskal Herrian preso eta iheslarien inguruan lanean aritu izan diren taldeen lekukoa hartzea, ezta haiek ordezkatzea ere. ETAk armak uzteko erabakia jakinarazi berritan, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendu handia sortu zen Euskal Herrian, Bilboko manifestazioan ikusi ahal izan zenez. Mugimendu horretan batutako «ikusmolde eta izaera askotako jendea» batzeko asmoz jaio zen, «askotariko konpromisoei eta hainbat ekarpen motari bide eginez». Preso eta iheslarien eskubideen alde lanean ari den jendearen bilgune izan nahi zuen, izan senitarteko, lagun, preso ohi, edo lan horretan inoiz jardun gabeko.

Hainbat konpromiso ere hartu zituzten sortze agirian: «Gehiengo soziala aktibatzea, herritarren mobilizazioa sustatuz, jendarteko mota guztietako eragileen konpromisoa bultzatuz, hala nola instituzioetan, politikagintzan, sindikalgintzan, hezkuntza eremuetan, herri mugimenduan, kulturgintzan...». Eta ahalegina egin dute arlo horietako guztietako jendearekin harremanak lantzen, norberak bere alea jar zezan.

Ekitaldi jendetsu eta koloretsuak izan dira horren adibide. Aurtengo urtarrilaren 12an Bilbon egindako manifestazioa, eta iazko Durangoko Azokan grabatutako lipdub-a adibide. Azken hilabeteetan Parot doktrinaren kontra aritu da batik, bat, eta duela bi aste amaitu zen Anaitasunan herriz herri eta auzoz auzo igarotako Herritarron epaia ekinbidea. Hain justu, Anaitasunako ekitaldian egin zuten datorren urtarrilaren 11n Bilbon nazio manifestazioa egiteko deia.

Aurtengo urtarrilean egin zuten 1. Bilgune Nazionala, 250bat Herrira-ko kidek. Espetxe politika aldatzeko indar metaketa areagotzen saiatzea adostu zuten. Mugimendu «ireki, alai, fresko eta plural» gisa definitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.