Irudien sentiera

Karmele Jaioren 'Amaren eskuak' nobelaren zinema moldapena grabatzen ari dira; Mireia Gabilondok zuzenduko du filma

Urte amaierarako guztiz amaituta egongo da eta 2013an estreinatuko dute
Maialen Vega aktorea atzo Lekeition filmaren grabazioan.
Maialen Vega aktorea atzo Lekeition filmaren grabazioan. JON HERNAEZ/ ARGAZKI PRESS

Nagore Ares Amaya -

2012ko abuztuak 2

Ikusminez begiratzen zieten lekeitiarrek atzo portu inguruan zeuden kamera, teknikari eta aktoreei. Ikusminez, begiratu zioten ere, 15:00ak aldera Pasaiatik etorritako egurrezko Mater eskola itsasontzi zaharrari. Bai itsasontzia, bai aktore eta zinema teknikariek egiteko berezia zuten: Amaren eskuak filmeko hiru sekuentzia grabatzen ari ziren berton herrian eta ingurua zinemako plato erraldoi bihurtu zuten. Mireia Gabilondo antzerkigile eta zinemagileak zuzendu du Karmele Jaioren izen bereko nobelaren moldapena. Grabazioa abuztu amaierara aldera amaituko da eta data zehaztu gabe badago ere, pelikularen estreinaldia 2013an egingo dute. Pelikula euskaraz grabatzen ari dira.

Nobelak bezala, filmak ere, protagonistaren sentipenak izango ditu oinarri. Amaren eskuak bizitzako konpondu gabeko kontuez mintzo da, lanez lepo dabilen eta lana familiarekin uztartzen saiatzen den 37 urteko kazetariaren istorioa kontatzen du. Haren amaren gaixotasunak apurtuko du kazetariaren bizitzako errutina eta kolokan jarriko du bere bizimodua.

Karmele Jaio idazlea oso pozik agertu zen atzo Lekeition, bere nobelaren zinemarako moldapenarekin: «Opari bat bezala bizi dut, azken finean, zeuk sortutako zerbaitetik beste ezer sortzea da». Nobela filma bihurtzean erronka handia izan dutela iritzi dio idazleak: «Egia esan, Baleukokoek nirekin harremanetan jarri zirenean, pelikula bat egin nahi zutela, esan nien benetan seguru zaudete liburu hau dela aproposa pelikula bat egiteko? Ez da akzio askoko liburu bat, barne sentimendu asko daude, azaltzen direnak nobela batean, baina pelikula batean akzioen bidez azaldu behar direnak. Zaila da nire ustez hori irudietan kontatzea, beraz erronka handia iruditzen zait hartu dutena».

Erronka handia izan arren, ondo beteko dutelakoan dago: «Oso pozik nago Mireia Gabilondo dagoelako eta ikusten diot sentsibilitate hori, liburuarena. Nahiz eta beste hizkuntza batekin, berearekin, eta beste ikuspuntu batetik kontatuko duen, nik uste dut liburuaren muina kontatuta azalduko dela».

Istorioak egungo belaunaldi oso baten sentipenak islatzen dituela uste dute ekoizleek. Ainara Gurrutxaga aktoreak gorpuztuko du Nerea filmeko eta nobelako pertsonaia nagusia. Aldean izango ditu, halaber, Loli Astoreka eta Luisa Mayor, izekoaren eta amaren roletan, hurrenez hurren. Marc Schardan aktore ingelesa Lewis, kazetariaren senarra, izango da. Besteak beste, Naiara Arnedok, Maialen Vegak, Laia Bernuesek, Amaia Mitxelenak, Iñaki Fontek, Vicky Peñak eta Aitor Beltranek osatuko dute banaketa.

Istorioaren parterik handiena Gasteizen kokatuta badago ere, grabazioa Euskal Herriko zenbait tokitan egingo dute. Asier Bilbao produkzio zuzendariak argitu bezala, filmaren errodajea sei astez luzatuko da eta Lekeition ez ezik, Gasteizen, Hendaian, Donostian eta Irunen egingo dute egunotan, besteak beste. 2012 amaierarako filma guztiz amaitutik egotea espero dute. Oraindik data zehatzik ez badute ere, estreinaldia 2013an egingo dutela azaldu du Bilbaok.Eusko Jaurlaritzak, EITBk eta Baleuko ekoizpen-etxeak finantzatu dute proiektua. Bilbaok argitu duenez, oraindik ikusteko dago Espainiako Kultur Ministerioak diru-laguntzarik emango duen.

Hitzetik irudira

Proiektua orain bost urte abiatu zen. Nobela irakurri eta gutxira, Mireia Gabilondo Karmele Jaiorekin harremanetan jarri zen liburua zinemarako moldatu nahi zuelako. Hasiera batean gidoia Jaioren esku geratu bazen ere, gerora Josu Bilbaok hartu zuen lana bere gain: «Orain bost urte hasi ginen proiektuarekin, eta ordutik hainbat gauza aldatu dira. Hasieran bai egon nintzen gidoiarekin lanean, eta gero zuzendaria ere aldatu zen eta azkenean erabaki genuen Jon Bilbaok hartzea gidoia. Bai, hartu ditu guk aurretik landutako gauza batzuk, baina bera arduratu da gidoiaz», argitu zuen Jaiok.

Idazlea Lekeition izan zen atzo grabazioa ikusten. Ikusminez beteta dago: «Egia esan, ez daukat ideiarik nola geratuko den. Bai, gidoia irakurri dut, gomendio batzuk eman dizkiet eta aldatu dituzte, baina niretzat oso zaila da ikustea gidoi bat irakurtzean hori irudietan zer den». Hitzen bidez bere nobelan sortutako irudiak ikusteko aukera izan zuen, hain zuzen ere, protagonistaren ama 50eko hamarkadara eramaten duten flashback pare bat eta hirugarren sekuentzia bat, Lekeitioko portuan eta faroan gertatzen direnak. Azaldu zuenez, idazleari bitxia egiten zaio aktoreak pertsonaien inguruan berbaz entzutea, berak asmatutakoak izan beharrean, benetako pertsonak bailiran tratatzen dituztenean, «Bitxia egiten zait nola hitz egiten duten pertsonaiei buruz, benetakoak bailiran bezala, neuk asmatutakoak badira ere, bitxia da hori ikustea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

Besteen hitzetatik abiatuta itzultzea

Amaia Igartua Aristondo

Antton Valverdek disko berria atera du, azkenetik hamahiru urtera: 'Gaua. Ausentziaren itzala'. Hainbat idazleren lanak dituzte oinarri abestiek: Harkaitz Canorenak, besteak beste
Alos Quarteteko kide Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Xabier Zeberio. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Amaierarik gabeko testamentua

Mikel Lizarralde

Alos Quartetek taldearen 20. urtemuga ospatzeko emandako kontzertuetan grabatutako zuzeneko diskoa argitaratu du: '20 urte. Zuzenean'
Nagore Amenabarro artista erakusketarako egindako altzairuzko pieza baten alboan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Eskalaren intimitateak agerian

Aitor Biain

Nagore Amenabarrok 'Platina' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bitxigintza eta eskultura erlazionatuz sortu ditu piezak. Otsailaren 7ra arte dago ikusgai

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.