Donostiako 60. Zinemaldia

'Dans la maison' François Ozonen filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Jose Sacristani eman diote gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, eta Fernando Truebak jaso du zuzendari onenaren sariaEmakumezko aktore onenak Katie Coseni eta Macarena Garcia izan dira, ex aequo

'Dans la maison' François Ozonen filmak irabazi du Urrezko Maskorra.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Epaimahaiaren erabakiek hankaz gora botatzen dituzte, batzuetan, zinema jaialdietan kritikari, aditu edo ikusleek sari banaketari buruz egindako kinielak. Baina atzo bat egin zuten denek. Francois Ozonen Dans la maison eta Pablo Bergerren Blancanieves ziren 60. Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra, sari nagusia, irabazteko faboritoak, eta azkenean, pronostikoak baieztatuz, zinemagile frantziarrarena gailendu zen. Gainera, gidoi onenaren saria ere eman zioten, literatura irakasle baten eta bere ikasleetako baten arteko harremana kontatzen duen lanari. Adituren baten esanetan, Sail Ofizialeko maisulan bakarra izan da.

Berger bilbotarrak ez du, ordea, triste egoteko arrazorik. Orain egun batzuk jakinarazi zioten berak zuzendutako pelikulak ordezkatuko duela Espainia Oscar sarietan, eta, atzo, berriz, epaimahiaren sari berezia eman zioten. Macarena Garcia filmeko protagonistaren rola jokatzen duen aktoreak, gainera, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eraman zuen, Foxfire-ko Katie Cosenirekin konpartututa. Gizonezkoetan, berriz, Jose Sacristanek irabazi du, bigarrenez, Javier Rebolloren El muerto y ser feliz-en egindako lanagatik. Zuzendari onenaren saria Fernando Truebari eman zioten, El artista y la modelo-rengatik

Ozon izan zen gaueko garailea. Zinemagile frantziarra hirugarrenez lehiatu da Sail Ofizialean. Aurreko bietan, 2000an Sous le sable-rekin, eta orain hiru urte Le refuge-rekin, ezin izan zuen sari nagusia eraman. Aurten, ordea, bai. Filma osatzeko Juan Mayorga antzerkigilearen El chico de la última fila antzezlanean oinarritu da. Mayorga bera igo zen gidoi onenaren saria jasotzera, Ozonekin batera. Christine Vachon epaimahaiburuak modu ezin hobean gorpuztutako trama nabarmendu zuen. Urrezko Maskorra jasotzerakoan, berriz, Ozon eskerrak eman zizkien filma egiten lagundu diotenei, eta Espainiako Gobernua kritikatu zuen kultura arloan egin dituen murrizketengatik. Bide batez, «biba antzerkia, biba zinema eta biba bizitza», esan zuen Mayorgak.

Urrezko Maskorraren irabazleak eta Mayorgak baino poz gehiago adierazi zuten Cosenik eta Garciak, eskutik helduta saria jasotzera igo zirenean. Laurent Cantet-en Foxfire-reko aktoreak filmako bere kideei, familiari eta Donostiari berari eskaini zion saria. Garcia urdurieta «pozik» zegoen, ezin kabituta. Bergerri eskerrak eman zizkion, bilbotarrak emandako rolak «gauza zoragarriak» ekarri dizkiolako, «bai arlo profesionalean, eta baita personalean ere».

Esker ona taldekideei

Jose Sacristanek ezin izan zuen saria jaso. Halere, bideo batean azaldu zuen bere esker ona: «Mila esker epaimahaiari. Gora Donostiako Zinemaldia». Javier Rebollo zuzendaria igo zen eszenatokira haren ordez. Esan zuen aktore espainiarrak ezin izan zuela etorri, une horretan antzezlan bat antzezten ari zelako. Sacristanen bigarren Zilarrezko Maskorra da. Aurrenekoa 1978an irabazi zuen, Un hombre llamado Flor de Otoño-rengatik. Fernando Trueba, ordea, Donostian zegoen. Gustuz jaso zuen saria. Hark ere, denek bezala, taldekideei eskaini zien. «Batez ere, Jean Rochefort eta Aida Folchi». Bahman Ghobadi Fasle Kargadan /Rhino Season-i eman zioten argazki onenaren saria, eta epaimahaiak Ziad Doueiriren The Attack saritu zuen aipamen bereziarekin.

Sari horiek banatu aurretik, ordea, Dustin Hoffmani 60. urteurreneko Donostia Saria eman ziorten, pasa den igandean Oliver Sytonekin egin bezala. Aktore estatubatuarrak hunkituta jaso zuen, begiak bustu zitzaizkion, eta gutxigatik ez zioten malkoek ihes egin. Esan zuen, txantxetan, ikasle txarra zelako erabaki zuela aktore onena izatea. Eta eszenatokitik alde egin aurretik, «errespetua» eskatu zuen zinemarentzat, «100 urte baino gehiago dituen artea baita».

Bestelako sariei dagokienez, Serbitzu saria Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinak Iñaki Otxoa de Olza zendutako mendizaleri buruz egindako Pura Vida-k eraman zuen. Horizontek saria El último Elvis-ek eraman zuen, etaKutxa-Zuzendari Berriak, berriz, Carne de Perro-k.

Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioaren Fipresci saria Javier Rebollo espainiarraren El muerto y ser feliz pelikulak irabazidu. Zuzendari Berriak saileko filmak saritzen dituen Gazteriaren saria, berriz, Juan Carlos Maneglia eta Tania Schemborik zuzendutako 7 Cajas Paraguaiko ekoizpenari eman zioten. Eta Zabaltegi Perlak saileko filmen artean, ikusleen botoei esker The Sessions AEBetako filmak bereganatu du Ikusleen saria. Sundanceko jaialdian sari bera eta epaimahaiaren sari berezia eraman zituen Ben ko lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.