Presoen eskubideen aldeko lana instituzioek indartu behar dutela dio Sortuk

Ezin dela Madrilen zain egon adierazi du, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean.Sarek 'Dispertsioaren liburuxka' utzi du hainbat erakundetan

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzatik abiatu zuen protesta Sarek atzo goizean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Preso Politikoen Nazioarteko Eguna zela eta, euskal presoen gaia mahaigaineratu eta horien eskubideak aldarrikatzeko baliatu zuten atzokoa hainbat eragilek. Eskubideak berez errespetatu behar direla ohartarazteaz gain, Euskal Herriko konponbidearen hobe beharragatik ere plazaratu dute korapiloa askatzeko beharra. Konpromisoak eskatu dituzte hartarako. Lana. Elkarlana.

Sortuk, esaterako, sakabanaketaren aurka Euskal Herritik jardun behar dela aldarrikatu du. Indartu eta zabaldu egin behar dela, eta mota guztietako eragileen artean partekatu: «Madrilen itxikeriaren aurrean, Euskal Herrian eman behar zaio indar politiko, sozial eta instituzionala euskal presoen eskubideen defentsa lanari».

ETAk jardun armatua duela hiru urte eta erdi bertan behera utzi zuen arren presoen egoerak okerrera egin duela salatu dute Pernando Barrenak eta Amaia Izkok. Gainera, espetxetik kanpo presoei sostengu juridikoa, politikoa eta soziala ematen dietenen aurkako jazarpena handitu egin dela ohartarazi dute. «Egoera honek irtenbidea behar du konponbide prozesuaren testuinguruan», adierazi dute. «Bakearen eraikuntzak exijitzen du presoen gaiari heltzea eta soluziobidean jartzea». Baina argi dute Espainiako Estatua ez dagoela horretarako prest. Legeari muzin eginda, «mendeku zentzugabe eta krudela» sakontzen ari dela deritzo.

Egoera alda daiteke, hala ere, Sorturen esanetan. «Eta ez dugu lotzen Madrileko gobernuaren kolorea aldatuta». Euskal Herrian ez dela «egin daitekeen guztia» egin uste du. Hortaz, «konponbidea eta bakea» helburu duten eragile politikoei, sozialei eta instituzioei «indarra egin ahal izateko akordioak lortzeko» gonbita egin die.

Erakundeetara jo du Sarek ere. Presoen eskubideak errespeta daitezela eta sakabanaketa amaitu dadila eskatzeko, mobilizazioa egin du Bilboko kaleetan. Bidean geldialdiak egin, eta Dispertsioaren liburuxka bana utzi du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzan, Frantziako kontsulatuan, Bizkaiko Foru Aldundian eta Bilboko Udalean.

«Bakean bizitzeko oinarria»

Gipuzkoako Diputazioak harrera egin die Adur Fernandez presoaren gurasoei. Fernandezen lagun batek istripua izan du presoa Valladoliden bisitatu ondoren etxerako bidaian zela, eta familiari babesa eman dio diputazioak. Sakabanaketaren ondorioen adibidetzat du istripua Martin Garitano ahaldun nagusiak, eta amaitu beharra aldarrikatu du. Bizikidetzan aurrera egiteko «lehen pausoa» dela esan du. «Ostean, beharrezko pauso guztiak eman behar ditugu presoak kalean egon daitezen». Izan ere, haren ustez, «preso politikoen figura desagertzeak bakean bizitzeko zimendu sendoak jarriko ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.