Biztanleen erdiak lortu ditu elkargo bakarrak

Aiziritzeren baietzarekin 149.390 biztanle ordezkatzen dituzte orain arte alde bozkatu duten herriko etxeek. Hirigune elkargo bakarra sortu ahal izateko herrien erdiek ere eman behar dute baiezkoa

Biztanleen erdiak lortu ditu elkargo bakarrak.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko elkargo bakarraren proposamenak lortu du lehen baldintza: Aiziritzeko Herriko Etxeak proiektua onartu ondoren, biztanleriaren erdia ordezkatzen du baiezko jarrerak. Atzo arratsean egin zuten bozketa, eta Nafarroa Behereko herriak dituen 670 biztanleak gehituta 149.390eko kopurura iritsi da prefetaren proposamena dagoeneko.

Pozik agertu da emaitzarekin Nikolas Blain Batera plataformako kidea: «Joan den larrazkenean izan den tendentzia baieztatzen du. Aldeko herrietan aldeko boza kopurua indartzen ari da usu. Hautetsien artean informazioa pasatu dela erakusten du. Ez dugu oraindik gizarte mailan argumentazioa behar bezala lantzea lortu, baina hautetsiek elementu guziak mahai gainean dituzte, eta tendentzia baieztatzen ari da».

Baina biztanleriaren erdia ordezkatzea ez da hirigune elkargoa sortu ahal izateko baldintza bakarra; Ipar Euskal Herriko 158 herrien erdiek ere egin behar dute proiektuaren alde. Momentuko 82 herriko etxetan bozkatu dute, 64k alde eta 19k kontra. Hirigune elkargoaren sorrerak aitzina egiteko beste hamabost herrik eman beharko lukete aldeko boza.

Hasieran pentsatzen bazen ere apiril bukaerarako erabakia izanen zela, herriko etxe andana falta dira oraindik boza emateko. Gaur Jatsun bozkatuko dute, astelehenean Kanbon eta Gamarten eta asteartean Bokale, Milafranga, Bardoze, Aiherra eta Atharratze-Sorholüzen. Maiatz bukaera arte dute herriko etxeek aldeko edo kontrako boza emateko.

Joan den udazkenean eman zuten lehen iritzia herriz herri. Biztanleriaren %65 eta herriko etxeen %71 bildu zituen baiezko jarrerak. Bozketa definitiboan baiezkoak irabaziko duela aski argi badago ere, Ipar Euskal Herriko hirigune elkargoa sortzearen aldekoek kopuru horiek berdintzea edo gainditzea espero dute, kontrakoak isilarazteko.

Herritarrak erdigunean

Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra sortzearen kontrakoek maiz leporatu dute prozesuak abiadura azkarregia izan duela eta herritarrak ez direla eztabaidan parte hartzen ari. Hala, proiektua gizarteratzeko saiakerak egin dituzte azkenaldian aldeko eragileek. Batera plataformak elkargoaren aldeko karabana herriz herri ibilarazi ondotik, apirilaren 14an herritarrei eman zien hitza Garapen Kontseiluak, foro batean, «gizarte zibileko jendeak ulertu eta barneratu dezan proiektua». 200 pertsona bildu ziren Baionako elkarteen etxean, ekonomiaz, etxebizitzaz, enpleguaz, gazteez, zerbitzuez, emazteez eta hizkuntza politikaz mintzatzeko.

«Joko demokratikoan kontrakoak izateak eztabaida aberasten du, baina azken hilabeteetan giro pizu bat sortu da», salatu du Blainek. «Bakoitzak ikusi behar du zer rol jokatu nahi duen; gu saiatu gara molde eraikikorrean jokatzen. Proiektuak akatsak izanik ere positiboki hartu dugu, eta saiatu gara lurraldearen garapenaren alde lan egiten. Beste batzuk trabatzen saiatu dira, beraiek jakinen dute zer interesen alde». Elkargoa sortzeko bi baldintzak lehenbailehen lortzea espero du Blainek, eta kontrako eta aldeko hautetsiak elkarrekin lanean hasiko direla giro lasaiagoan.

Batera-ren estrategiari buruz ere laster barne eztabaida bat egiteko beharra aipatu du Blainek, hirigune elkargoarekin zer egin eta Batera-k azken hamar urteetan lortu duen eragina «nola kapitalizatu» erabakitzeko, besteak beste. Baiezko bozak irabazteak emanen die argi berdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.