Barcinak espero du Sanzek eta Goñik legearen barruan jardun dutela frogatzea

2015ean enplegua sortzen segituko dutela aurreratu du presidenteak Eguberrietako mezuan.Epaileen lana errespetatzen duela adierazi du

Yolanda Barcina Nafarroako presidentea Eguberrietako mezua irakurtzen, atzo. BERRIA.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Eguberrietako azken mezua eman du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak: urteko azkena, eta legegintzaldiko azkena. Irribarretsu hitz egin zien atzo nafarrei, egindako lanaz harro. Mezu baikorra eman du 2015erako. Hala ere, aitortu du arazoak izan direla: «Amaituko den urte honetan, nabarmen azaldu dute herritarrek ustelkeria kasuez nekatuta daudela, eta hastio dituztela politika egiteko era zaharrak».

Egun berezi batean esan zituen hitzok Barcinak: Espainiako Auzitegi Nazionalak CANeko presidente ohi Miguel Sanzen eta kutxako zuzendari ohi Enrique Goñiren ondasunak ikertzeko agindu eta bi egunera. Eloy Velasco epaileak berriro ireki zuen Banca Civica auzia azaroan, eta aferak UPN jo du berriro. Barcinak argi esan du zer egingo duen alderdiak Sanz presidente ohiaren ikerketaren inguruan: «Beti egin duguna egingo dugu: ez dugu alderdia horretan nahasiko». Eguberrietako mezua aurkezteko prentsaurrekoan hitz egin zuen auziaren inguruan: «Berriz ere, epaitegiek erakutsiko dute dena indarrean dagoen legediaren arabera eta legearen barruan egin dela».

Hala espero du Barcinak, erabateko errespetua baitio justiziari: «Ikerketa judizial bat izan den bakoitzean esandakoa errepikatuko dut: auzitegiak guztiz errespetatzen ditut». Eta hala azaldu zuen Eguberrietako mezuan ere: «Instituzio demokratikoak funtzionatzen duten froga da justizia administrazioaren lan nekaezina; erabateko errespetua merezi dute bertako profesionalek, eta, sententziek, guztion onarpena».

Espainiako Poliziak aztertuko ditu Sanzen eta Goñiren kontuak. Haiengana eskualdatutako diruak edo bestelako artxiboak ikertuko ditu, eta txosten bat egingo du horiekin. Barcinak, berriz, bere ondasunak ikertzeko aukeraren gainean, adierazi du ondasunak «publikoak» direla, eta gardentasun legea indarrean sartzearekin sarean kontsulta daitezkeela. «Hor daude nire ondasun publikoak, eta webgunera sartzen diren nafar guztiek dakite zeintzuk diren presidente honen ondasunak».

2014. urtearen balantze positiboa egin du presidenteak. Eta hurrengo urteko egoera hobea izango dela uste du. Haren arabera, «adierazle eta ikerketa ekonomiko guztiek» erakusten dute 2015ean enplegua sortuko dela. «Guztia orain arte marraztutako ildotik badoa, Nafarroa ekonomikoki gehien haziko den Europako eskualdeetako bat izango da». Horretarako, erreformak egiteko prest azaldu da presidentea: «Egin ditzagun beharrezkoak diren erreforma guztiak, beldurrik gabe, baina adostasun zabalekin eta zuhurtziaz».

Enrique Goñiren oharra

Auzitegi Nazionalak emandako aginduaren inguruan oharra kaleratu du Enrique Goñi CANeko zuzendari ohiak. Ukatu egiten du bertan Nafarroako Kutxako eta Banca Civicako inbertsioetatik etekinik atera izana, eta uste du berriro artxibatuko dutela auzia, «ez baitago irregulartasunik».

Goñik zehaztu du Nafarroako Kutxatik eskuratu duen diru bakarra haren soldata izan dela, eta behar bezala egin duela beti errenta aitorpena. Horregatik, azaldu du «berehala» jarri dituela bere errenta aitorpenak eta kontu korronteak epaitegiaren esku, ikerketan laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.