Sugarrak ezin itzali

«Irainean» eta «borrokan» iltzatuta egotea egotzi dio EAJk Sorturi, baina egoera normalizatzeko prest azaldu da.Akordioa aldarrikatu du Sortuk

Andoni Ortuzar eta Hasier Arraiz, 2014ko urtarrilean presoen eskubideen alde egindako manifestazioan. RAUL BOGAJO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aurrez berotuta zegoen harremanean, sua eragin du txinparta batek. Ufadek sutea sortu dute, eta kostatzen ari da garrak itzaltzea. EAJk eta Sortuk muturka jarraitzen dute; errua elkarri egozten. Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak adierazi du, esate baterako, jeltzaleak herriaren onurarako akordio bila ari diren bitartean «beste batzuek berean» jarraitzen dutela, «sesioan, lokatzean eta irainean». Nori buruz ari den espresuki esan gabe, «zenbaitzuek borrokarako, nahasmenerako eta difamaziorako duten gogoa» gaitzetsi du Atutxak, Durangaldean EAJk aurkeztu dituen alkategaien berri emateko ekitaldian.

Hauteskundeei begirako agerraldi batean esan ditu horiek BBBko buruak, halakoetan izaten diren mezu erasokorragoekin. Baina erasoa apaldu ere egin du, «herria eraiki nahi duten guztiei» akordiorako eskua luzatua diela adierazita.

Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean, argiago nabarmendu du urak bere bidera eramateko nahia. EH Bildurekin harremanak «normaltzearen» alde egin du. Areago: EAJ horrenbeste mindu duten Sorturen hitzen atzean «urduritasuna soilik» dagoen ustea azaldu du: «Fede txarra baino gehiago, urduritasuna ikusten dut nik». Hauteskundeen aurretik alderdi guztiek «tentsio uneak» dituztela ere esan du, liskarra nolabait arrazoitzeko.

Horrela, EAJren eta Sorturen arteko harremanak «hain txarrak» izango ez diren esperantza azaldu du buruzagi jeltzaleak, eta ez duela zertan etorkizuna baldintzatu adierazi.

«Ahal bezain pronto normalizatu behar da egoera hau», esan du Atutxak. Are gehiago, akordioa egiten saiatzearen aldeko apustua egin du, «hauteskunde aurreko garaian» egon arren, «herriak eta egoerak hala eskatzen dutelako». Sortu, berriz, beste modu batean saiatu da egoera apaltzen: isilik egonda.

Hain zuzen, bai EAJk eta bai Sortuk jendaurrean egindako adierazpenak izan dira iskanbilaren iturburua. «Ezker abertzaleak leialagoa izan behar du bere harremanean, EAJrekin akordioak nahi baditu», esan zuen Andoni Ortuzar EBBko presidenteak astearte gauean Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean. «Ezin da egon goizean salaketa edo ikerketa batzorde bat aurkezten eta arratsaldean akordio bat eskatzeko deitzen».

«Ezkutukoak»

Ohar bidez erantzun zien hitz horiei Sortuk, biharamunean: «Badirudi EAJk bere jokabide irregularrak eta praktika ustelak ezkutatzeko eskatzen digula gatazkaren ondorioak konpontzeko akordioaren truke». Sortuk gatazkaren ondorioak gainditzeko akordioa nahi duela esan zuen, baina ez duela halakorik onartuko.

Erabat sutu zuen erantzunak EAJ, eta EBBk agiri bat kaleratu zuen: «Sortuk kazetariak eta hiritargoa engainatu nahi ditu». Bakea eta elkarbizitza finkatzeko egin dituzten elkarrizketetan EAJk ez duela halako baldintzarik jarri abisu eman, eta manipulatzea egotzi zion Sorturi. Sortuk, beste ohar batean, zehaztu zuen ez zuela berak bilera horietako edukirik aipatu, eta Ortuzarren hitzei emandako erantzuna zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.