DBHko eta Batxilergoko kanpo azterketak atzeratuko ditu Madrilek

Lehen Hezkuntzan etsaminak egongo dira.LOMCE gelditzeko eskatu dute hainbat erkidegok

Hezkuntza kontseilariak, Espainiako Hezkuntza ministro Iñigo Mendez de Vigorekin bilduta, atzo. CHEMA MOYA / EFE.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa ez ezartzeko «oinarri juridikoak» dituen proposamena aurkeztu zuten hamabi erkidegok —tartean, Nafarroak eta EAEk— atzo Madrilen egindako hezkuntza kontseilarien bileran. Eta, lau orduko bilkura baten ostean, fruituak eman zituen elkarrizketak: DBHko eta Batxilergoko kanpo azterketak atzeratzea onartu du Mendez de Vigo Espainiako Hezkuntza ministroak. Lehen Hezkuntzako probarekin, ordea, aurrera segituko dute, Ministroen Kontseiluan hitzartuko dutela aurreratu du eta. Mendez de Vigok adierazi duenez, beste dekretu bat jarriko dute mahai gainean, «aurrerago» DBHko eta Batxilergoko errebaliden egutegia zehazteko. Lehen Hezkuntzako kanpo ebaluazioekin segitzeak LHko hirugarren eta seigarren mailako ikasleei eragingo die. Aurten, Nafarroako zentro gehienetan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 ikastetxetan gauzatu dituzte hirugarren mailari dagozkionak, protesta artean makina bat eskoletan. Litekeena da datorren urtean LHko seigarren mailakoa ere egitea. Probak ikasleen rankingak egiteko balio du, betebeharreko ondoriorik ez badu ere. Ikasturtea «lasaitasunez» hasiko dela esan du Hezkuntza ministroak.

LOMCE legearen egutegia bertan behera uztea galdegin zuten PPren esku ez dauden gainontzeko erkidego guztietako gobernuek atzo; ezartze prozesua luzatzea da erdietsi dutena. Kolore askotakoak dira bat egin duten hamabi erkidegoetako aginteak. Jeltzaleek gidatutako EAE eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemosen eta Izquierda-Ezkerraren esku dagoen Nafarroa. Eta, horiez gain, PSOEk gobernatutako zazpi erkidegoek ere bat egin dute: Andaluziak, Aragoik, Asturiasek, Balearrek, Gaztela Mantxak eta Extremadurak, alegia. Bai eta bestelako koalizio gobernuak dauzkaten Valentziak (PSOE eta Compromis), Kanariak (Coalicion Canaria eta PSOE) eta Kantabriak ere (Partido Regionalista de Cantabria eta PSOE). Katalunia ere (Convergencia Democratica de Catalunya) gehitu zaie.

LOMCEren kontrako manifestua da hamabien artean hitzartu eta Madrilen defendatu dutena. Idazkian, PPk hauspotutako hezkuntza erreforma «premiagabekoa, desegokia eta tokiz kanpokoa» dela salatu dute hamabiek.

Bilkura amaitu eta gero, interpretazio kontrajarriak plazaratu dituzte kontseilariek. PPko kideek azpimarratu dute akordioak ez dakarrela «inongo atzerapenik» LOMCEren ezarpenerako. Era berean, lege organikoa denez, berez, «derrigorrean bete beharrekoa» dela zehaztu dute.

Baikortasuna eta kritika

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek oso positibotzat jo du aldaketa, eta ministroaren jarrera «ona» eta «akordiorako nahia» aitatu ditu. «Badago akordio bat, ez osoa, baina akordio bat bai. Ministroarekin guk jarri genuen baldintza bat, eta hori zen kanpoko ebaluazioen errege dekretua kaxoi batean gordetzea. Azkenean, ikusi du ia erkidego autonomo guztiok eskatu diogula hori», jakinarazi du. Presioak eragin du ministroak jarrera aldatzea, dioenez.

Ahoan bilorik gabe azaldu du zer dela eta mantenduko den Lehen Hezkuntzako proba. «Zergatik? datorren kurtsoan egin behar delako». Ñabardura bat txertatu du, gainera: «Garrantzitsuena da etsamina hori guk egiten dugula, ez du estatuak egiten. Guk egiten dugu zentroekin batera. Finean, lortu dugu ez ezartzea kanpoko ebaluaziorik, oso kaltegarriak direlako gure hezkuntza sistemarentzat; beraiek baldintzatzen dute zer ikasi behar dugun eta nola ikasi behar dugun. Honekin lortu duguna da guk geuk ebaluatzea guk jartzen dugun curriculuma».

Bide beretik jo du Kataluniako Hezkuntza kontseilari Irene Rigauk, erreforma «galdatu» dela aipatuta. Kritiko mintzatu da, haatik, LOMCE geratu ez izana salatuz. «Gauzak ez dira legeak agintzen dituelako egin behar. Ongi egin behar dira, edozein aldaketa politikok alda ez ditzan», esan du. Bestalde, LOMCEren arabera, Generalitateak bere gain hartu behar du gaztelaniaz ikasi nahi duten ikasleen matrikulen kostua. Rigauk horrek izan dezakeen eragina aztertuko duela zehaztu du.

Espainiako Hezkuntza Saileko bozeramaile Sandra Moneok, ordea,«arduragabekeriaz» jokatzea leporatu die kontseilariei, «legea martxan dagoelako jada».

Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die ELA sindikatuak «inola ere» LOMCE ez ezartzeko, eta «konpromiso garbia» izan dezaten exijitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.