Ibon Iparragirre «nahiko ahul eta animoz baxu» ikusi du familiak

Okerrera egin du euskal presoaren osasunak, asko jaitsi baitzaizkio defentsak: hogei ditu soilik. Hainbat elkarretaratze egingo dituzte bihar

Berrehun pertsonatik gora bildu ziren herenegun Ondarroan, Iparra Galdu Baik deituriko elkarretaratzean. A. C. / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Nahiko ahul eta animoz baxu» ikusi du Ibon Iparragirre familiak, Jon anaiak BERRIAri jakinarazi dionez. Presoaren ama Angelita Burgoak ikusi du azkenekoz, Alcala Mecoko kartzelan, etxetik 450 bat kilometrora. Gainera, ukatu egin diote begietako arazoak artatzeko optometristarekin zuen saioa.

«Ibonen bizitza hari batetik zintzilik dago». Metafora gordin bezain argigarriarekin definitu zuen presoaren egoera haren anaia Gotzon Iparragirrek, herenegun, Arraio Irratian. Eta inork ez daki zenbaterainoko lodiera duen hari horrek. Ezta medikuek ere. «Bizi-diagnostikoa ezin dela egin esan zuten uztailean egin zioten ikuskatzean. Ezin da jakin bi urte iraungo duen edo bi egun barru infekzio bat harrapatuko duen eta hori izango den amaiera». Presoak berak badaki hil-bizian dela; hotz jakinarazi zion forentseak. «Badakizu berriro gaixotuz gero hil egingo zarela, ezta?».

Haren egoera salatzeko, elkarretaratzeetara deitu du Kalera Kalera dinamikak. Bihar egingo dituzte, 19:00etan, Hego Euskal Herriko eskualde buruko epaitegien aurrean. «Ozen salatu nahi dugu Iparragirreren aurkako tratu anker eta gizagabea. Berebizitza arrisku larrian egonik, espetxean mantentzen duten bitartean heriotza zigorrera kondenatzen ari dira», adierazi du Alberto Matxain bozeramaileak.

Aurretik, prentsaren aurrean agerraldia egingo du Iparra Galdu Baik plataformak, euskal presoen eskubideen aldeko hainbat eragilerekin batera. Iparragirreren osasun egoera azalduko dute, eta urrats juridikoen nondik norakoen berri eman. Datozen egunotan antolatu dituzten mobilizazioak jakinaraziko dituzte Iparra Galdu Baik-ek, Etxerat-ek eta Sarek.

Hiesa du Iparragirrek, eta, azken analisien arabera —irailaren 15ekoak—, hogei defentsa ditu soilik. Osasuntsu dagoen pertsona baten gorputzak 724 eta 1.154 defentsa artean ditu. «Azken urtean 50 bat defentsa izan ditu, baina astebete erietxean eman zuen maiatzean eta ekainean, pneumonia batengatik, eta jaitsi egin zaizkio», azaldu du Gotzon Iparragirrek. «Edozein infekzio, katarro txiki bat, zauri bat...».

Kartzelako mediku zerbitzuburuaren jarrera salatu du, «zuzenean oztopatzen» ari baita. «Epailearen aginduak ez ditu betetzen». Analitikak lortzeko moduak berak baieztatzen du jarrera hori. Anaiak pasatu zien, arropa artean ezkutaturik. «Horri esker izan dugu analitiken berri, eta abokatuek prozedurak martxan jarri ahal izan dituzte». Oraindik ez dute erantzunik jaso.

Sare, Eusko Legebiltzarrean

Zehazki Iparragirreren egoeraz aritu ez baziren ere, euskal presoen afera Eusko Legebiltzarrera iritsi zen atzo. Bakartxo Ruiz Legebiltzarreko lehendakariarekin bildu zen Sare, 0km dokumentua aurkezteko, aurreko astean Nafarroako Parlamentuan egin bezala. Bi erakundeen arteko akordioa galdegin du Sarek, euskal presoen auziari irtenbidea emateko. Egungo «gehiengo berriak probestu» nahi ditu, akordioa Espainiako Gorteetan «modu bateratuan» aurkezteko. Okm agirian nabarmendu dute memoriaren kontakizuna gauzatzea, biktima guztien eskubideak errespetatzea eta presoek normalizazio eta adiskidetze prozesuan parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.