Etxauriko alkateak ukatu egin du herriko festetan terrorismoa goratu izana

Soilik sakabanaketa politika salatu zuela azaldu du, Barañaingo 11 herritarrekin batera Nafarroako Justizia jauregian eginiko deklarazioan

Adolfo Araiz eta Arantzazu Izurdiaga EH Bilduko parlamentariak eta Idoia Aritzala Etxauriko alkatea IDOIA ZABALETA / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Uztailean Barañaingo eta Etxauriko (Nafarroan) festetan euskal presoen aldeko hainbat ekitalditan parte hartzeagatik deklaratzera deitu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak Etxauriko alkate Idoia Aritzala eta beste hamabi herritar. Atzo erantzun zituzten epailearen galderak, Nafarroako Justizia Jauregian, bideokonferentziaz. «Terrorismoa goratu izana» ukatu zuten guztiek. Nabarmendu zuten egindako bakarra sakabanaketa politika salatzea izan zela.

Fiskalak ez zuen parte hartu atzoko saioan, eta orain deklarazioa igorri behar dio epaileak. Hura entzutean erabakiko du salaketari jarraipena emango dion edo bertan behera utziko duen.

EH Bilduko kideen babesa izan zuten auzipetuek. Adolfo Araiz parlamentariak adierazpenak egin zituen Justizia jauregiaren atarian. «Onartezina» iruditu zitzaion hamabiek deklaratu behar izatea, eta adierazpen askatasunaren kontrako erasotzat jo zuen. Gogora ekarri zuen ez dela lehen aldia Nafarroan aldaketaren alde dauden alkateei deklaratzera behartzen dituztela. Araizek testuinguru horrekin lotu zuen atzoko galdeketa.

Auzitegi «erabat politikoa» da, EH Bilduko kidearen irudiko: «Ikusi dugu bere historian zehar zer egin duen, eta momentu honetan zertarako erabiltzen ari diren Auzitegi Nazionala». Adierazpen askatasunaren kontrako epaiketak egiten dituztela salatu zuen Araizek, eta adibide gisa Alfredo Remirez txiolariaren kasua jarri zuen. Larunbatean espetxeratu zuten.

Mozioa, parlamentuan

Gaixotasun larriak dituzten presoei buruzko mozio bat eztabaidatuko dute, gaur, Nafarroako Parlamentuan, arratsaldeko saioan. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra alderdiek aurkeztu dute mozioa. Foro Sozial Iraunkorreko, Etxerat-eko eta Sareko ordezkariek ere parte hartuko dute, gonbidatu gisa. Honako hau izango da ordezkaritza zabala: Fernando Armendariz, Begoña Huarte, Jose Luis Uriz, Teresa Fagoaga Rekalde, Felix Jimenez,Maria Mercedes Txibite, Jorge Garzia Sertutxa, Mikel Mundiñano Larraza eta Joseba Azkarraga Roderi.

Ez da gaiari buruz hitz egiteko Nafarroako Parlamentuan egongo diren lehen aldia; joan den hilabetean Okm agiria aurkeztuko zuen Sare plataformak. Besteak beste, euskal presoei ezarritako «salbuespen legeria» desegitea eta «ohiko legeriara» itzultzeko neurriak jasotzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.