Agerria hotela, kritiken erdigunean

Agerria hotela kudeatzeko ekonomia mistoko sozietate bat sortu zuten Mauleko Herriko Etxeak eta akziodun pribatuek. Kritika zorrotzak izan dira azkenaldian, eta auzapezak erantzun die.

Joan den uztailean ireki zituen ateak akziodun pribatuek eta herriko etxeak kudeatzen duten Agerria hotelak. J.E.
Joanes Etxebarria.
Maule
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Mauleko Agerria eraikina eta haren inguruko lur eta oihan eremu handiak —ehun hektareatik hurbil— fraideenak ziren 2011. urtera arte. Orduan, salgai ezarri zutenean, Mauleko Herriko Etxeak erosteko nahia agertu zuen; baina, ahalak eskas zituenez, erosle pribatuei dei egin zien. EMS ekonomia mistoko sozietate bat sortu zuten orduan. Sozietateak zeresana eman du azken urteetan, azken asteetan bereziki.

Joan den uztailean ireki zuten laster hiru izar ukan behar lituzkeen hotela, eta, Mixel Etxebest Mauleko auzapezak dioenez, ongi funtzionatzen ari da: «Bederatzi ganbera gutxi dira, baina, halere, betetzen ditugu, eta oraindik ez da jatetxerik. Jatetxea eta beste zortzi ganbera irekiko dira laster».

Oposizioak kudeaketa erdi pribatu-erdi publikoari egin dizkio kritika nagusiak. «Herriko kontseiluan sartu garenetik, sekula ez da Agerria bilkura bateko gai zerrendan ezarri, alta, xede handia delarik», salatu du Pierre Etxekoparrek, 2014ko hauteskundeen ondorioz herriko etxean sartu zen Union Citoyenne taldeko komunistak. Herriak du akzioen gehiengoa, %51 zehazki.

Gardentasunik eza ez ezik, koherentzia eskasa ere salatu du Beñat Elkegarai abertzaleak: «Irabarneko jauregia bazen jadanik, hori ere Mauleko herriarena da, han bada etxe handi bat berritua eta ontsa egina taldeei harrera egiteko». Irabarneko harrera zentroak zorrak ditu, eta, Elkegarairentzat, «ulergaitza» da egoera horretan Agerrian kasik bi milioi euroko inbertsioa egitea. Batzuen eta besteen diskurtsoak muturrekoak dira, Etxebestek ukatzen baitu hori hala denik: «Irabarneko jauregian ez da sosik galtzen».

Publikoa pribatuarekin

Hotelaren beharra bera zalantzan jarri dute. Union Citoyenne talde komunistak beste kritikarik ere plazaratu du Mauleko etxe guztietan banatu duen eskuorri batean: herriko langileak Agerrian, beraz, «interes pribatuko» hotelaren zerbitzura, ezarri izana. FO sindikatuak suprefetari idatzitako gutun batean jaso duenez, Mauleko zerbitzu teknikoetako zuzendariak eta zuzendari orokorrak Agerriarako urte batean egindako lana, kasu bakoitzean,70.000 euroko gastua da.

«Herriko langileei gisa horretako egitura batean lan eginaraztea debekatua da, baina auzapezak hala egin du», Pierre Etxekoparren esanetan. Auzapezak onartu du langileak Agerriaren EMSaren esku ezarri izana, baina ez dohainik: «2011n jadanik langileak ari ziren bertan lanean, lan egindako denbora zerrendatua izan da, eta lan hori fakturatu zaio, urtez urte, Agerriako EMSari». Etxebestek ziurtatu du Mauleko zergetarik «euro bat bera ere» ez dela joan Agerriaren kudeaketara.

Suprefetak jaso zuen FO sindikatuaren gutuna. Erantzun zien obrak bukatzekotan izanik herriko langileak ez zirela gehiago hotelean lan egitera joanen eta, beraz, «afera trenkatua» zela.

Langileena ez da diru publikoaren erabilpenari lotuta auzapezari egin dioten kritika bakarra. Oposizioak Agerriari egindako mailegu baten kontra bozkatu zuen, informaziorik ez zutelako. Aitzineko agintaldian, 100.000 euroko bi mailegu egin zizkion herriko etxeak EMSari, «legez kanpoko» baldintzetan, Etxekoparren arabera: «Normalki, bigarren mailegua egin behar zen lehenaren dirua itzulia zenean, baina ez da hala gertatu, dirua ez dute itzuli». Etxebestek uko egin die akusazio horiei, eta zehaztu «EMSa eta herriko etxea ontsa bereizten» dituela: «Herriak ez du deus galtzen, mauletarrek ez dute sosik ezartzen Agerrian; aldiz, ondorio positiboak badira herriarentzat».

Salaketak eta auzibidea

Beste salaketa formalak ere izan dira, baina segidarik gabekoak orain arte. Union Citoyenneren eskuorriak kasu jakin baten berri ere eman zuen: faktura faltsu batena. Gilles Pie oihangintzako langilea etsipenez mintzo da kasu horretaz. Jakinarazi berri du 20.000 eurotik hurbileko lanak egin dituela Agerriako oihanean, eta lanak bukaturik 4.000 euro baizik ez dizkiotela pagatu. Itxaroteko prest zegoen, baina auzitara joko du azkenean, «ESMk faktura faltsu bat aurkeztu zidalako, niri ez pagatzeko helburuarekin». Haren erranetan, instituzio desberdinetatik 10.000 euroren laguntzak ukan zituzten bere lanetarako.

Xehetasunetan sartzea zaila litzateke bi parteen arabera, baina Mixel Etxebestek erantzun dio horri ere: «Arazo komertzialak badira batzuetan. Hor arazoaren erdia plazaratu da, beste erdia ahantziz. Ez da horretara mugatzen, komertzio auzitegian trenkatuko da afera hori».

Helene Figueroak 2012an erosi zuen Mauleko Bidegain hotela. Arrotz gelak ezarri zituen alokairuan. Agerria ireki eta hilabete geroago, bere irabaziak %30 apaldu zirela ohartu zen. Ez du Agerriaren xedea zalantzan ezartzen, «baina galera horiek urte osoan jasanen ditugula jakitun», 2012an erositako hotela salgai ezarri du orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.