EAJk erabakitzeko eskubideari «euskarri juridikoa» eman nahi dio

Atutxa eta Erkorekak diote giza katea arrakastatsua izan zela, baina elkargunea legebiltzarra dela

Erabakitzeko eskubidearen aldeko igandeko giza katea, Ataunen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gure Esku Dago mugimenduaren igandeko giza kateak erakutsitako indarrak erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenari ateak zabaldu dizkiola eta, eskaera horri jarraipena emateko asmoa agertu du EAJk. Durango eta Iruñe arteko 123 kilometroko kate historikoa «arrakastatsutzat» jo du Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, eta adierazi du «Gure Esku Dago-ren indarrak isla» izan beharko duela «Eusko Legebiltzarreko lege eta ekinbideetan». «Herri honetako gehiengo handi batek erabakitzeko eskubidea eskatu du, erabakitzeko subjektu izan nahi du, eta horrek zer pentsatu eman behar die alderdi politikoei, gehiengoaren nahi eta borondate honi euskarri juridikoa emateko», adierazi zuen atzo ETBn.

EAJko buruzagiaren aburuz, Eusko Legebiltzarra da «Euskadiren etorkizuna» eztabaidatzeko gune instituzionala, eta bertan EAJk «ahal den adostasunik handiena» erdietsi nahi du erabakitzeko eskubidea ordenamendu juridikoan txertatzeko. «Gure borondatea da autogobernu lantaldearen barruan hori lortzeko lana egitea; hori bai, ahal den adostasun handiena lortzeko helburuarekin». Atutxak argitu du legebiltzarrean EAEko estatus berria lortzeko bidean «sentsibilitate guztiak bateratu» nahi dituzten moduan, ez dutela «inolako arazorik» erabakitzeko eskubidearen alde eskua emateko: «Eskua eman diezaiokegu elkarri Gure Esku Dago egitasmoan, eta autogobernuaren lantalde barruan jarrai dezakegu lanean».

Ideia berari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak ere. Giza katearen arrakastaren inguruan galdetu diote Josu Erkoreka bozeramaileari gobernu bileraren ondorengo prentsaurrekoan, eta hark esan du erabakitzeko eskubidea ordenamendu juridikoan jaso dadin, akordioa lortzen saiatuko dela Jaurlaritza autogobernuari buruzko lantaldean. Haren esanetan, giza kateak «agerian» utzi du badela konpondu gabeko «arazo politiko bat», eta «horrek eskatzen duela guztien artean adostutako irtenbide bat» aurkitzea.

Erkorekaren ustez, gogoetarako parada eman behar du igandeko giza kateak, gizartean «oso zabalduta dagoen sentimendu bat» agerian utzi zuelako: «Euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea ordenamendu juridikoan nahi dute». Eta, adierazi duenez, Jaurlaritzak autogobernu lantaldea lehenetsiko du eskubide haren inguruan «elkarguneak» eraikitzeko. Erabaki, elkarrekin, eta etorkizuna dira elkargune «demokratiko» batean aurrera egiteko hiru hitzak, hark adierazi duenez, eta haien alde lan egingo dutela.

Azpimarratu du lehen ere egin izan direla beste ekinaldi batzuk, eta 2008ko urriaren 25ekoa aipatu du, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Galdeketa Legea baliogabetu zuenekoa —Gernika-Lumo, Zornotza, Durango, Urkiola, Legutio eta Gasteizen elkarretaratze batzuk izan ziren, Euskal Herria bakea bai. Erabakia bai lelopean—.

Gaur egun «egoera baketsu» batean aldarrikapen politikoek beste eraginkortasun bat izan ditzaketela uste du Josu Erkorekak.

«Abertzaleen ekinaldia da»

Beren mezuei eutsi egin diete, berriz, PSE-EEk eta PPk, giza katearen garrantzia gutxietsita. Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzar taldeko eledunak esan du giza katea abertzaleek antolatu zutela eta abertzaleentzat egin zela. «Historia ez ezkutatzeko» eskatu du Pastorrek: «Egitasmoaren atzean erakunde abertzale bat dago, eta haren helburua autodeterminazio eskubidea eta independentzia dira». Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea «zilegi» iruditzen zaio Pastorri, baina onartezin iritzi dio eskubide hori oinarrizkotzat jotzeari, «ez delako existitzen».

EAEko PPko presidente Arantza Quirogaren ustez, igandeko mobilizazioan 150.000 lagun baino gehiago egoteak erakusten du «independentziaren aldeko sentimendu sendoa» dagoela gizartean. Nolanahi ere, PPkoak adierazi du erabakitzeko eskubidearen aldekoek ez dutela argi azaltzen zer nahi duten bozkatu, eta zein ondorio dituen eskubide hori praktikara eramateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.