Maria Elosegi donostiarra Estrasburgoko auzitegiko epaile izateko hautatu dute

Jose Martin Perez Nanclares gasteiztarrari eta Francisco Perez de los Cobos PPren faboritoari nagusitu zaie. Kulturartekotasun aditua da

Maria Elosegi, 2016ko maiatzean, Donostiako San Telmo museoan emandako hitzaldi batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegian Espainiako Estatuari dagokion epailea Maria Elosegi Itxaso(Donostia, 1957) izango da. Espainiak hiru hautagai aurkeztu zituen postuan Luis Lopez Guerramagistratua ordezkatzeko: Francisco Perez de los Cobos Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohia, Jose Martin Perez Nanclares Espainiako Atzerri Ministerioko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria —gasteiztarra da— eta Elosegi Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna. Hirugarrena aukeratu du Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarrak, gehiengo osoz.

Kulturartekotasunean oinarritutako elkarbizitzaren inguruko ikerketetan aditua da Elosegi, eta Zaragozako Unibertsitatean dihardu (Espainia), irakasle. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko azterketak ere egin izan ditu, eta Berdintasuneko Espainiako Legea landu zuen batzordeko kide izan zen. Nazioartean esperientzia zabala du, irakasle bisitaria baita Torontoko Unibertsitatean (Kanada), Chicagokoan (Ameriketako Estatu Batuak), Lavalekoan (Quebec) eta Giza Eskubideen Alemaniako Institutuan. Gainera, Bruselan egoitza zuen Zuzenbidearen Teoriaren Akademiako irakasle izan zen 2001etik 2009ra arte, urte horretan akademia desegin zen arte.Europako Kontseiluko Intolerantziaren eta Arrazakeriaren Aurkako Batzordeko kide ere izan zen 2013 eta 2017 artean.

11 liburu eta ehun artikulu baino gehiago idatzi ditu, giza eskubideei, zuzenbidearen filosofiari eta immigrazioari buruzkoak.2008an, Granadako Jurisprudentzia Errege Akademiak Luis Portero saria eman zion.

Nolabait, ezustekoa izan da Elosegiren aukeraketa, espero baitzen Perez Nanclares izatea hautatua. Urtarrilaren 12an eginiko hautaproban, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Batzordeak Perez Nanclares gomendatu zuen posturako. Hamar puntutik zazpi lortu zituen gasteiztarrak, eta beste hirurak donostiarrak. De los Cobosek, berriz, ez zuen punturik eskuratu. Espainiako Gobernuaren aukera gogokoena zen De los Cobos, baina balorazio horretan agertu zen, esaterako, ez zuela ingelesa menderatzen. Hain justu, Espainiako Gobernuak hautagaiak aurkezteko erabilitako irizpideek eztabaida sortu zuten; PPri kritikatu ziotenez, ezarririko baldintzek lehiatik kanpo uzten zuten Maria Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohia, eta, hala, mesede egiten zioten De los Cobosi.

Hala ere, lehen ebaluazioa egin zuen batzordearen aholkuak ez dira bete beharrekoak, eta Europako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioko kideek dute azken hitza. Horiek lehenetsi dute Elosegiren aukera: 114 boto jaso ditu; 76 Perez Nanclaresek, eta 42 Perez de los Cobosek.

47 epailek osatzen dute auzitegia; Europako Kontseiluko estatu kide bakoitzeko, batek. Hamabost dira emakumeak. Bederatzi urterako aukeratu dute Elosegi, eta hiru hilabeteko epean hasiko da Estrasburgoko jardunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.