Saminaren ahotsak

'Lasa eta Zabala auzia' eta presoen gaia eraman dute Pili Zabalak eta Josu Martinezek Belfastera.Zinema jaialdi batean parte hartu dute

Lasa eta Zabala filmaren grabaketa lanak, Tolosako hilerrian, joan den urteko otsailean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Euskal gatazkak eragindako sufrimenduaren oihartzuna Ipar Irlandara iritsi da asteon. Belfastera, hain zuzen. Zinemaren bitartez iritsi dira bertara GAL auzia eta euskal presoen afera. Bi gaiei tarte bat egin baitie aurten Belfast Film Festival jaialdiak: Lasa eta Zabala eta Barrura begiratzeko leihoak euskal filmak eman ditu bere egitarauaren barruan. Astelehenean eman zuten Pablo Maloren pelikula, eta atzo Josu Martinezen dokumentala. Baina filmak ez ezik, testigantzak ere entzun ahal izan dira Belfasten: Pili Zabala GALek bahitu, torturatu eta erail zuen Joxi Zabalaren arrebarena eta Martinez zinema zuzendariarena. Euskal gatazkaren berri kanpoan zabaltzearen garrantzia azpimarratu diote biek ala biek BERRIAri.

«Euskal Herriaren gatazkaren berri badute Ipar Irlandan, baina ez xehetasun handiekin». Horixe ondorioztatu du Andrea Garciajaialdiaren antolatzaile eta eztabaida politikoa sustatzeko asmoz hainbat herrialdetako jendeak osatutako Internacia Kolektivo taldeko ordezkariak. Lasa eta Zabalaren filma ikustera joandako lagunak «harrituta» geratu zirela dio, ez zutelako ikusi eta entzundakoaren berri. «Hemengo jendeak ez zuen GALen berri, eta hunkituta zeuden Lasak eta Zabalak sufritutako torturekin».

«Harridura» eta «zirrara»

Pili Zabalaren hitzek ere «zirrara» eragin diete pelikula ikustera joandakoei. Haren azalpenak irmoak izan direlako, akaso. «Terrorismo mota guztietatik estatuarena kaltegarria dela azaldu dut, Zuzenbide Estatuaren zutabe guztiak hankaz gora jartzen dituelako». Barkamenaz ere galdetu diote Zabalari, Ipar Irlandan pil-pilean dagoen gaia delako egun. Barkamena eskatzea ez dela lehentasuna esan die:«Badira beste lehentasun batzuk: egia, justizia, aitorpena eta kalte-ordain morala». Barkamena eskatzea norberaren erabakia dela uste du, eta, eskatzekotan, «zintzoa» izan behar duela. Nolanahi ere, barkamena «publikoa» izatea da garrantzitsuena, haren ustez, eta bere kasuan,estatuari dagokiola eskatzea. Horixe esan die bildutakoei.

Behartutako desagertzeaz ere mintzatu da Zabala filmaren osteko solasaldian: «Europako demokrazia batean delitu larriena da, giza eskubideen urratze larriena delako».

Barrura begiratzeko leihoak filmaren zuzendariaren txanda izango da gaur. Atzo eman zutendokumentala, eta gaur hitzaldia eskainiko du Martinezek, Projecting Conflict-Queen's University gatazka politikoak lantzen duen unibertsitate talde batek gonbidatuta. «Esperientzia pertsonaletik eta arlo akademikotik» euskal gatazkak zineman izan duen lekua azalduko du hitzaldian. Haren ustez, gatazkari buruzko pelikula bat egitea «apustu suizida» bat da, «polemika iturri» delako eta egilea «epaitu» egiten dutelako bere jarrera politikoagatik.

Barrura begiratzeko leihoak euskal presoen inguruko film dokumentala da, eta, Martinezek dioenez, garrantzitsua da euskal presoen errealitatea nazioartean zabaltzea. «Hemen, asko harritzen dira, baina interes handia agertzen dute, seguru asko beren eta gure herrialdeen artean parekotasunen bat ikusten dutelako». Ipar Irlandako herriaren «elkartasuna» sumatu du Martinezek Belfasten, baina aitortu du xehetasun asko ez dituztela ezagutzen; sakabanaketa politika, esaterako. «Askorik ez dakite. Baina guri ere gauza bera gertatzen zaigu haiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.