Nafarroako sindikatuak, eritasun larriak dituzten presoak askatzearen alde

Sindikalismoko gehiengo oso zabalak bat egin du iragan ostegunean Nafarroako Parlamentuak adostutako mozioarekin. Presoak gizarteratzearen alde egin dute sindikatu eta alderdiek

Preso gaixoen alde Basaurin egindako giza katea. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Euskal presoen gizarteratzearen aldeko beste urrats bat Nafarroan. Ostegunean Nafarroako Parlamentuak egindako eskaerarekin bat egin du lurraldeko gehiengo sindikalak. Bere egin dute parlamentuaren bi herenak adostu zuena: Espainiko eta nazioarteko legediak betetzea eta gaixotasun larria duten presoak aske uztea edo neurri aringarriak ezartzea.

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak adostu zuten osteguneko mozioa parlamentuan. Orain, LAB, ELA, UGT, CCOO, EHNE, Steilas, ESK, Hiru, Solidari eta CGT sindikatuek babestu dute erabakia. Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan egiten ari den lanaren fruitu dira bi ebazpen horiek. Elkarrizketa andana egin dute maiatzean IV. Foro Sozialaren emaitzak aurkeztu zituztenetik. Harreman horietatik ondorioztatu dute presoak gizarteratzeari buruzko arazoak konpontzeko jokaleku berrian sartzearen alde dagoela Nafarroako gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta soziala.

EHNEk eta Solidarik salbu, preso dauden gaixoei babesa adierazi dioten gainontzeko sindikatuek ohar bana igorri dute. «Oso balorazio ona» egin dute LABek eta ELAk. LABen arabera, «onartezina» da Espainiako Gobernuak «heriotzaraino heltzen den salbuespen espetxe politikari» eustea. Nafarroako gizartean eta langileen artean «behar besteko adostasuna» lortzeko konpromisoa agertu du sindikatuak.

ELAren ustez, «oso garrantzitsua» da parlamentuak hartutako erabakia. «Urte luzez Nafarroak pairatu duen indarkeria politikoaren ondorio larrienak murrizteko» balio duela uste dute. Ondorengo ebazpena onetsi dute: «Mediku txosten egiaztatuen arabera gaixotasun larria eta bizi pronostiko laburra edo pairamen sendaezinak dituzten presoen kondenak giza arrazoiengatik berrikusteari buruz indarrean dagoen estatuko eta nazioarteko legeriaren oinarrizko zioak eta printzipioak sostengatzen ditugu».

Espetxeetako zerbitzu medikoak «nabarmen hobetzeko» eskatu du UGTk. Beharrezko kasuetan Espainiako Zigor Kodearen 91. artikulua aplikatzearen alde daude: gaixotasun larriak dituzten presoei neurri aringarriak ezartzea.

CCOOk txalotu egin du Nafarroako Parlamentuak adostutako mozioa. «Presakotzat» jo du kartzelako bizitza humanizatuko duen legeria sendotzea; batez ere kondenaren hiru laurdenak beteak dituzten eta gaixotasun larriak dituzten presoen kasuetan.

Euskal presoen oinarrizko eskubideak errespetatzea galdegin du Steilasek. Nabarmendu dute preso askok «guztiz urratua» dutela osasun eskubidea. «Ezerk ezin du justifikatu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsonak euren etxera ez ekartzea».

Espetxe politikak euskal presoentzat «bereziki krudelak eta bidegabeak» direla azpimarratu du ESK-k. «Giza eskubideak arduraz errespetatu behar dira, interpretazio alderdikoiak eta mendeku politikak alde batera utzita». Sindikatuaren arabera, «aurrerapauso txikia» da ostegunekoa, beharrezkoa delako sakabanaketa eta presoen salbuespen egoera amaitzeko neurriak hartzea.

Hirurentzat «ezinbestekoa» da gaixotasun larriak dituzten presoen eta haien senideen eskubideak defendatzea. CGTren ustez, «halako egoera larrietan» ez litzateke presoen arteko bereizketarik egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.