Urtarrilaren 10eko mobilizazioa isila izango da, eta pankartarik gabea

Giza eskubideen alde dauden herritar guztiei egin nahi die lekua Sarek, sigla eta ideologiak gaindituta.Parte hartzaile bakoitzak argi bat eramango du eskuetan, eta denek batera piztuko dute

Sareko kideak, atzo, euskal kulturako hainbat kiderekin batera, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Giza eskubideen alde dauden mota guztietako pertsonak urtarrilaren 10ean Bilbon izatea nahi du Sarek; norberaren sigla eta ideologiaz gain eskubide guztiak errespetatu behar direla defendatzen dutenak euskal presoen eskubideen aldeko mobilizaziora joatea. Aldarria ozen entzutea lortu nahi du. Lau haizeetara zabal dadila, mundu osoan: bake jokaleku egonkor bat eraikitzeko euskal presoen korapiloa askatzea beharrezkoa dela ikusarazi nahi du, eta herritarrek horixe eskatzen dutela.

«Beste argazki bat» baino gehiago lortu nahi du urtarrileko protestan. «Argi» erakutsi nahi dute euskal gizarteak espetxe politika aldatzea nahi duela. Hain zuzen, argia erabiliko dute horretarako. Parte hartzaile bakoitzari argi bat eramateko eskatuko diote, eta, une jakin batean, guztiak batera pizteko.

Protestariak elkartzen direnean izango da hori. Izan ere, Bilboko bi gunetatik aterako da mobilizazioa, 17:30ean: Casillatik eta udaletxetik. «Sakabanaketaren aurpegi lazgarria bere larruan bizi dutenek» abiatuko dute protesta bi leku horietatik: presoen senideek; Bizkaikoek eta Arabakoek Casillatik, eta Gipuzkoa, Nafarroa zein Ipar Euskal Herrikoek, udaletxe aurretik. Zabalburura abiatuko dira guztiak, eta han elkartuko. «Zabalburun, ekitaldi xume baten bidez, 'argi dugu!' ozen azalaraztea proposatzen dugu», adierazi dute Teresa Toda eta Agus Gorbea Sareko kideek, ekitaldiaren nondik norakoen berri emateko agerraldian.

Mobilizazioa isila izango dela jakinarazi dute, eta pankartarik ez duela izango. Leloa Now! Euskal Herrira! izango da. Egitura horrekin, sentsibilitate guztietako pertsonentzako lekua dagoela nabarmendu dute antolatzaileek. Are, seguru daudela askotarikoa eta handia izango dela mobilizazioa. Hori hala izan dadin laguntzeko eskatu dute.

Hortaz, antolatzaileei ez zaie gustatu EAJk ez duela protestan parte hartuko esan izana. Ulertu ere ez dute ulertzen, jeltzaleek esana baitute sakabanaketaren aurka daudela. Edozein moduz, zuzendaritzak protesta babestu ez arren, EAJko kide asko espero dituzte Bilbon.

Urtarrila baino lehen, halere, hainbat ekitaldi egingo ditu Sarek presoen eskubideak errespeta daitezela eta sakabanaketa amaitu dadila eskatzeko. Gaur, esate baterako, Gasteizen «lurrikara» sortzeko deia egin dute. 18:30ean abiatuko da protesta, Babesgabetuenetik, Astindu, mugitu, dispertsioa amaitu! leloarekin. Florida parkean amaituko da mobilizazioa.

Gaur bertan, beste ekitaldi batzuk antolatu ditu Sarek Hondarribian. 16:00etatik aurrera, grafitiak, haur jolasak, pailazoak, kontzertuak eta beste izango dira, Soroetako frontoian.

Etxarri Aranazko Sarek, berriz, preso, iheslari eta deportatuei «legez dagozkien eskubideak» aldarrikatzeko Sakanan martxan jarriko duen egitasmo baten berri emango du.

Eusko Jaurlaritza ere mintzatu da presoen inguruan. «Terrorismoari aurre egiteko Espainiako Estatuan onartu diren zenbait salbuespen lege ez dira bat etorri oinarrizko eskubideekin», esan zuen atzo Josu Erkoreka bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.