Askapenako bost kideek «garaipen politikotzat» jo dute absoluzio epaia

2010etik jasandako kalteak ez dizkietela ordainduko salatu dute, eta internazionalismoaren alde lanean jarraitzeko borondatea azaldu dute

Askapenako bost kideak, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Babesgunea ospatzeko gune bihurtu da. Printzipioz, otsailean, eurei elkartasuna adierazteko tokia izan behar zuen Iruñeko Caldereria kaleko txokoak, baina herenegun Askapenako bost kideen absoluzio epaia etorri eta gero, berri ona ospatzeko tokia izan zen. Atzo elkartu ziren Auzitegi Nazionalean epaituak izan diren Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Gabi Basañez, Unai Vazquez eta Dabid Soto. Eurekin batera, Askapenako eta Eleak mugimenduko ordezkariak zeuden, eta, prentsaurreko amaieran, Aritz Ganboak Belfastetik elkartasuna adierazteko bidalitako whiskia hartu, eta topa egin zuen: «Belfastetik eta mundu osotik elkartasuna adierazi digutenen sinboloa da». Prentsaurrekoan, Askapenako kideek absoluzio epaia «garaipen politikoa» izan dela nabarmendu zuten, eta esker ona azaldu zieten elkartasuna adierazi dieten lagun eta erakunde guztiei.

Atzo goizean Iruñean egindako agerraldian, irribarreak ziren nagusi protagonisten ahotan, baina horrek ez du kentzean azken bost urteotan pilatutako kezkak eta ezinegona. «Argi dugu auzitegiak igorritako aldeko sententziaren iturburua ez dela Espainiako instituzio juridikoen justizia banatzeko gaitasuna», aipatu zuten.Askapenaren arabera, urte luzez Auzitegi Nazionalak erakutsi du «estatuaren interes politikoaren zerbitzura dagoela eta Euskal Herriko militantzia independentistaren aurkako tresna estrategikoa dela». «Hala ere, absoluzio sententzia honen guztiaren gainetik,garaipen politiko bat da».

Era berean, Askapenako bost kideek azpimarratu dute 2010ean euren aurkako polizia operazioa abiatu zenetik kalte ugari jasan dituztela: hala nola atxiloketa inkomunikatua, tortura arriskua, espetxeratzea, sakabanaketa, baldintzapeko askatasuna, ondasunak blokeatuta, pasaportea kentzea, familia hipotekatuta, kontrol judizialaren menpeko bizitza eta Askapena zein Askapeña, Herriak Asketa Elkar Truke taldeen defentsarako eskubidearen urratzea. «Oinarrizko eskubide zibil eta politikoen urratzeak zein Espainiako botere publiko eta faktikoek abiatutako kriminalizazioak drastikoki baldintzatu dute gure eguneroko bizitza pertsonala zein militantea. Ez gaude prest eskubide urratze hauek guztiak oharkabean pasa eta ahanzturara pasa daitezen».

Askapenako kideek gogora ekarri dute euren egoera ez dela salbuespena, «eguneroko ogia» baizik. «Gaur egun Euskal Herriko militante ugari daude epaiketaren zain eta 400 lagun baino gehiagok jarraitzen dute kartzela politika kriminal eta basatia pairatzen», salatu dute. Salbuespen politiken eta legeen aurka lan egiten duten erakundeekin «orpoz orpo» borrokan jarraitzeko asmoa azaldu dute. Era berean, militantzia internazionalistan ez etsitzeko asmoa dute. «Gaur atzo baino gehiago, uste dugu gure askapen zein lagun ditugun herrien askapen bidearen bermea Euskal Herri internazionalista eraikitzea dela».

«Arazoak hor jarraituko du»

Eleak Libre dinamikako Zigor Olabarriak, berriz, aipatu zuenezen absoluzio epaiarekin batera Irunen Txanpi Harokarene eta Emilio Castillo atxilotuak izan zirela herenegun, 11 eta 13 hilabeteko espetxe zigorra betetzeko. «Horrek zer adierazten digu? Beraien interesen arabera eta gure presioaren arabera, salbuespen politikak aplikatuko dizkigute modu ez hain bortitz batean eta beste egunen batean modu ankerragoan, baina arazoak hor jarraituko du: herri honen bizitza sozial eta politikoak salbuespen politiken menpe jarraitzen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.